Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Askeak

Libertatea sentitu du konfinamenduan. Pantaila ez da irainen babesleku izan. Akaso, anonimotasunarekin batera ausardia ere galdu dutelako edo aupatzen zituzten konplizeen bibarik gabe indargabetu direlako. Berak kemena berreskuratu du. Etxeko armairuen garbiketa profitatuz, bera bertatik irten da. Eskolako jazarpenaren normaltasunera itzuli nahi ez duen lumadun nerabe bat da.

Gorroto delitua. Berak bezala, beste horrenbestek pairatu dute. Baina, denek ez dute etxeko babesa sentitu eta akabatzeko modurik latzena aukeratu dute, sufrimenduak zeharkatutako bizitzaren amaiera gisa.

Transbertsalitateaz aritu zaie filosofia irakaslea. Lagungarria izan zaio zeharkatzen gaituena ulertzeko. Bere sufrimendua, horrenbeste baldintzatzen duena, ez da isolatua, konpartitua baizik. Bere luma itxurako baldintzek kolore beltza dute patioaren beste txoko batean eta gurpildu aulkian datozenak ere badira. Borroka. Transbertsalitateaz arituz gero, errotik aldatuz gero, modu berekoa izanen da datorrena, aldaketa konpartitua. Identitate aske gisa bizi nahi du. Egunkari batean gogora ekarri duten Francisek bizi nahi zuen bezala.

+ Beste identitate aske guztiekin etorkizunaren konkistara abiatuko da. Poliziak hil zuen takoidun ameslari horri buruz egingo du idazlana. Historiak ere garrantzi handia duelako, matematikako X-a isolatzeak bezainbeste.