EDITORIALA
EDITORIALA

II. Mundu Gerraren historia osatzeke dago oraindik

Aurten 75 urte dira Bigarren Mundu Gerra amaitu zela. Errusiar Federazioak ospakizun handiak zituen prestatuta maiatzaren 9rako, Garaipenaren Egunerako, baina pandemiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan zuten egitaraua. Atzo Moskun egin zuten desfile militarrarekin berrekin zieten ekitaldi horiei. Covid-19aren gaitza dela eta, nazioarteko ordezkari gutxi izan ziren Plaza Gorrian baina, hala ere, Errusiar Federazioak urteurren hau baliatu du bere posizio politikoa finkatzeko, bai Bigarren Mundu Gerraren inguruan, bai gaur egungo nazioarteko segurtasun sistemaren inguruan. Helburu horrekin, joan den astean hainbat hedabidetan artikulu luze bat argitaratu zen, Vladimir Putinek sinatuta.

Bigarren Mundu Gerraren historia berrikus dadin etengabeko presioa egiten ari da. Polo bakarreko mundu mailako ordena higatzen hasi zenean, errebisionismo hori areagotu egin zen. Orain, ohiko bilakatu da erasotzaileen eta erasotakoen artean errua banatzea, edo gertaera batzuk azpimarratzea eta beste batzuk isiltzea. Ildo horretan, lotsagarria izan zen iaz Europar Parlamentuak onartu zuen adierazpena, Alemania naziari eta Sobietar Batasunari gerraren errua erdi bana egozten ziena. Historiaren berrikuspen horien arriskua ez dago iraganean, gaur egungo nazioarteko egoera politikoan baizik. Irakurketa berri horiek erabili nahi dira hainbat esparrutan abantaila politikoak lortzeko. Potentzia batzuek gerraren osteko zenbait muga gainditu nahi dituzte eta nazioarteko segurtasun sistema aldeaniztuna bertan behera utzi.&discReturn;

Kolonialisten monumentuen aurkako erasoen harira, bada Bigarren Mundu Gerraren historian idatzi gabeko pasarte bat, garapen-bidean dauden herrialdeekin lotua. Garai hartan, estatu horiek koloniak ziren eta Europako metropoliek bertako biztanleak borrokarako erabili zituzten, baina behin arriskua gaindituta berriz baztertu zituzten. Beraz, Bigarren Mundu Gerraren historian bada zer osatu oraindik.