JUN. 28 2020 HIMALAIA Sung-Taek Hong korearraenegarren ekinaldiaegiteko pronto da Alpinista honek Lhotseren (8.516 m) hegoaldeko horma erraldoia begiz joa du. Azken hogei urteotan, denera, sei saiakera egin ditu; duela hiru urte egindakoan, 8.300 metroko kotara heldu zen. Andoni ARABAOLAZA Lhotseren hegoaldeko horma zaila bezain erakargarria da. Dimentsioei erreparatzen badiegu: erraldoia. 3.300 metro ditu horma horrek eta zortzimilakoetan espezialistak direnek eta izan direnek “altxortzat” jotzen dute. Den-denek diote zer edo zer berezia duela; izan ere, murru luze horrek makina bat saiakera izan ditu, eta emaitzak oso eskasak izan dira. Himalaismoaren urrezko garai bat pil-pilean zenean, batez ere 1976tik 1989ra, Lhotseren hegoaldeko aurpegiak hainbat eta hainbat ekinaldi jaso zituen. Eta protagonisten izenak irakurtzen baditugu, ohartuko gara “altxor” horrek balio erantsia duela. Honakoak saiatu ziren: Reinhold Messner, Jerzy Kukuczka, Kriysztof Wielicki, Hans Kammerlander, Marc Batad, Christophe Profit, Enric Lucas... Udaberrian, udan zein neguan: saiakera horiek guztiek porrot egin zuten. Ondoren, beste alpinista batzuk lehen eskalada horren atzetik jardun dira. Eta, azkenean, duela 30 urte hegoaldeko horma hori gainditu eta lehenak eta bakarrak diren bi igoerak iritsi ziren. Hiru hamarraldi igaro dira, eta gaur egun bada hirugarren igoeraren bila joateko prest dagoen mendizale bat gutxienez. Sung-Taek Hong izena du. Sei ekinaldi Alpinista korearra da. Eta nolabait esateko, Lhotseren hegoaldeko horma begiz joa du. Azken hogei urteotan behin eta berriz izan da zortzimilako horren aldats tenteetan; zehazki, sei ekinaldi egin ditu. Bada, azken asteotan, Sung-Taek Hong korearrak murru horretara itzultzeko pronto dagoela jakinarazi du: «Lehenik eta behin, babesleen laguntza behar dut. Ilusio handia egiten dit zazpigarren saiakera egiteak, eta oso motibatua nago. Alabaina, ez dago batere argi udazkenean Nepalera joateko aukerarik izango ote den». Hasi aurretik, eragozpen handiak ditu korearraren helburuak. Berriro ere babesleen bermea jasotzea zaila izango du, egin dituen saiakera guztietan porrot egin baitu. Bestetik, zalantza handiak daude Nepalek turistei mugak zabalduko ote dizkien. Zurrumurru batzuk badabiltza, eta horiek egia izanez gero, atzerriko hegaldiak abuztu hasieran baimenduko dituzte. Arestian aipatu dugunez, sei dira alpinista honek Lhotseren hegoaldeko horman egin dituen saiakerak. 1999. urtean izan zen lehena, eta soilik 7.700 metroko kotara heldu zen. Duela hiru urte, berriz, garaiera handiena erdietsi zuen: 8.300 metro. SUNG-TAEK HONG Alpinista korearrak iragarri du heldu den udazkenean Lhotseren hegoaldeko horma igotzen saiatzeko asmoa duela. Azken hogei urteotan, denera, sei ekinaldi egin ditu.