JUL. 15 2020 JOPUNTUA Herrialde bakarra, bi sistema Mikel Aramendi Kazetaria Monodieta guztiek izaten dute arazoren bat. Eta propaganda hutsezko monodieta intelektualek, zer esanik ez. “Herrialde bakarra, bi sistema” ospetsua aukerako adibidea da oraintxe bertan. Duela mende heren, Deng Xiaopingek (edo haren esaneko propagandagileren batek) asmatu zuen leloa. Errealitate ekidin ezina, Txinak Hong Kong berreskuratzea –ehun urte lehenagoko tratatuen letrak eta garaiko indar harremanak nahitaezkoa egiten zutena– apaintzeko; eta desiragarria zirudiena (Taiwanen berreskurapena) ere, aldi berean, girotzeko. Gaur egun, azala besterik ez zaio geratzen esamolde propagandistikoari; eta asmatzaileek ere gero eta gutxiago erabiltzen dute. Kontinenteko Txina eta Hong Kong “bi sistema” desberdin direla ebazteko oso begirada doitua behar da sozioekonomian. Eta politikoki, Chris Pattenek koloniari azken txanpan korrika eta presaka emandako lumaje “demokratikoa” ez bada “sistematzat” hartzen… XX. mendearen bigarren erdiko Hong Kong baino antzekoagorik ba ote da munduan egungo Txina baino? Kontua da, ordea, legearen tauletan zizelkatutako tratua bailitzan ulertu nahi dutela asmazio hura batzuek orain, Txinako Herri Asanblada Nazionalak Hong Kongerako onetsi duen Segurtasun Legearen harira. Antzeko abaguneetan, beste leku batzuetan, askoz neurri latzagoak ere hartu ez balira bezala. Baina kasu horretan, Txinari buruzko zerbait da. Eta logika arrunta atzekoz aurrera ere ibilaraz dezake inguruabar horrek. Hor dago koska. Mende herena igaro denean, Dengen burutazioak ez direla bete esan liteke; baina haren oinordekoei bost axola zaiela esango nuke: une honetan, Txinaren BPGaren hogeirena inguru besterik ez da HK; eta are gutxiago izango da datozen urteetan seguruenera. Thatcher eta Reaganen burutazioek, haatik, askoz akabera makurragoa izan dute, laster munduko lehena izango baita Txinaren BPG hori. Horregatik, sistemen bitasunean ez baizik herrialdearen bakartasunean datzala arazoa pentsatzen hasi dira. XIX. mendean bezala. Antzeko abaguneetan beste leku batzuetan askoz neurri latzagoak ere hartu ez balira bezala. Baina kasu horretan, Txinari buruzko zerbait da