GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Berrogeialdia


Izango da uda delako ala uda amaitzearen beldur naizelako, baina faltan hartzen zaitut. Neure buruari galdetzen diot zeini eskaintzen ote dizkiozun behinola niri eskainitako solas amaigabe horiek, eta nirekin partekatutakoak bezain zirraragarriak izango ote diren ni gabeko horiek. Elkarrizketaren sortilegioa da: bi lagunengan ezinbesteko diren sentimendua sortzeko gaitasuna. Faktore askoren konbinaketa da, arreta, jakintza, enpatia, afinitatea, biografia konpartitu bat. Maitemin puska bat ere akaso, eta ez preseski hitzaren zentzu erotikoan. Oheratu nahi ez izatea da adiskidetasunaren alderik ederrena, trukean ezer eskatu gabe izatea bestea ongi sentiarazteko desira, seduzitzeko asmorik gabe elkarri seduzitzea, plazer hutsez, eskuzabal.

Neure leihoaren beste aldean naturak eztanda egin du, fruta arbolak erditzen hasi dira, baina edertasun oro antzua da zeure begien distiratik gabe: zertarako da edertasuna eder, hura ikusia izan dadin ez bada? Ez zara zeu, badut lagunak atxikitzen baldarra naizen sentimendua. Behar bada izango da jada berrogei urte bete ditudala bere desengainu eta guzti. Beharbada izango da baldarrak besteak direla, baina besteen multzoa asko handitu da dagoeneko, eta jada ez du espejismo baten inolako antzik. Espejismoa balitz zu hemen zeundeke, eta neure berrogeialdi hau, egutegirako datu bat baino ez.