Ibai AZPARREN
«

JAIOZ GEROZTIK KRISIAN BIZI DIREN GAZTEEN IKASKUNTZA POLITIKOA

Elkarrizketa sakonen eta eztabaida taldeen bidez informazioa bilduz, EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak Hego Euskal Herriko gazteen ikasketa politikoan sakondu eta parte hartze era berriak detektatu ditu, axolagabekeriaren tesia kolokan jartzen dutenak.

Gazteek politikan parte hartzen al dute edo desmobilizatuta daude? Parte-hartze hori aldatzen ari al da iraganean izan zenarekin alderatuta? Galdera horiei erantzuten saiatu dira EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeko Julen Zabalo, Maddalen Epelde, Iker Iraola, Onintza Odriozola, Mila Amurrio eta Ane Larrinaga, “Parte hartu ala paso egin?” ikerketaren bitartez. Larrinagak GARAri esan dionez, lan kualitatibo hau gazteei protagonismoa ematen saiatu da, eta inkesta kuantitatiboen atzean zer dagoen ikertu nahi izan du, belaunaldi gazteen sozializazio politikoan parte hartzen duten mekanismoak aztertu eta ikasketa horren ondorioz horien artean azaleratzen ari diren praktika desberdinak detektatzeko.

Gizartean oraingo gazteei buruzko «irudi jakin» batzuk daude, gazteek eurek askotan barneratuta dauzkatenak, eta gazte jendeari erabateko talde homogeneotasuna esleitzen diote. Irudikapen hegemoniko horiek ezkutatu egiten dute, ikertzaileen esanetan, gazteen artean dagoen aniztasuna. Hori kontuan hartuta, ikerketaren abiapuntua gazteria bakar bat ez dagoela da, «jatorri sozialari dagokionez, kultura mailari dagokionez» era askotako gazteak daudela. Aniztasun hori kontuan hartuz, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako gazteekin 31 elkarrizketa luze eta askon eta lau eztabaida-talde egin dituzte, bi faseetan beren burua eta jarduerak politikotzat dituzten eta ez dituzten gazteen diskurtsoak aztertzeko.

Soziologoaren aburuz, aldiz, gazte gehienak gauza batek batzen ditu: ziurgabetasun handiko bizi ibilbidea dutela gaurko gizartean. Izan ere, «lehenagoko gazteen ibilbidea aldez aurretik idatzita zegoen (ikasketak, lanbidea, emantzipatzea, eta familia sortzea), eta nolabait hori zen herritartasun politikorako bidea», azaldu du. Gaur egun, ordea, «lan merkatuaren irizpide liberalek» ezegonkortasuna eskaintzen diete gazteei eta arazoak dituzte emantzipatzeko, bizitza autonomo bat antolatzeko. «Horrek eragina dauka herritartasuna lortzeko aukeretan eta politikarekiko harremanetan», gaineratu du Larrinagak.

«Mundu politikoaren«&flexSpace;aldaketa

Baina «mundu politikoa» ere aldatu egin da. Lehen demokrazia liberaletan bitartekari batzuk (alderdi politikoa, hauteskundeak, gobernuak) zeuden, gazteak sistema politikora lotzen zituztenak. Gaur egun, Larrinagak dioenez, bitartekari horiek krisian daude; globalizazioaren ondorioz estatuek lehen zeuzkaten eskumen asko galdu dituzte eta agertoki globalean aktore ekonomikoek, finantza talde globalek, lekua hartu diete. «Non hartzen dira erabakiak? Ez dira hartzen estatu mailako instituzio politikoetan edo erkidego mailako instituzioetan, beste botere gune global batzuetan hartzen dira», argudiatu du, eta, horrenbestez, «jendeak gero eta aukera gutxiago ditu erabaki horietan eragiteko; gazteek beraien ahotsa ez dutela kontuan hartzen ikusten dute, gainera, eta ohiko politikatik urruntze bat dago, mesfidantza handia, baita haserre jarrera bat ere, aintzat hartzen ez dituztelako».

Gazte batzuek, aldiz, baliabideak dituzte politizatzeko, familian ezagutza batzuk transmititu dizkietelako, eta politikoki jarduteko eta mobilizatzeko dauden baliabideak ezagutzen dituzte. Horiek jardun politikoetan parte hartzen dute, baina mundu politiko instituzionaletik at beste espazio batzuk bilatzen dituzte beraien esperimentazio politikoa garatzeko, soziologoak ertzetako politika edo mikropolitika gisa definitzen duten horretan. Hala ere, horiek gutxiengo bat direla zehaztu du. Baliabiderik gabe sentitzen direnak, aldiz, «apartatu egiten dira», ez zaie politika interesatzen, boto aldakorra dute edo handiagoa da hauteskunde partaidetzarekiko distantzia.

Horiek horrela, ikerketan aztertu dituzten eragile sozializatzaileen artean, familiaren esparrua agertu zaie eraginkorrena gazteen ikasketa politikoen prozesuan. «Ume batzuek haurtzarotik familiako kideekin batera mobilizazioetan parte hartu dute, politika naturaltasunez bizi izan dute. Beste batzuen kasuan, politika ez da familian presente egon, saihestu egin da, batzuetan bizi izan dugun gatazka politikoaren ondorioz, ez zegoelako iritzi berbera familiaren barruan, iritzi politikoak azaleratzeko beldurra zegoelako; batzuetan Estatuaren errepresioaren beldur eta beste batzuetan, ETAren beldur», zehaztu du Larrinagak.

Haurtzaroan politikarekin inolako harremanik izan ez dutenek lagunen bitartez edo institutu edo unibertsitatera joan direnean azaleratu dituzte kezka politikoak. Hala ere, ikertzailearen esanetan, parte-hartze hori puntuala izaten da, «sartu-irten errazeko aktibazioa». «Gazte guztiek daukate gaitasuna euren arazoak identifikatzeko –enplegua da gazteen kezka politiko nagusia–, baina gero askok ez dute horren aurrean gai horiek politizatzeko ahalmenik», gehitu du.

Arazoak kontzeptuen esanahiekin

Inkesta kuantitatiboekin sortzen diren kategoria dualetatik harago, ikerketan gazteen politizatzea mailaz mailako eskala bateko perspektibatik ikusi behar dela dio Larrinagak. Gainera, Mendebaldeko sistema demokratiko liberaletako politikaren inguruko kontzeptuen esanahiekin arazo bat dagoela azpimarratu du. Izan ere, gazteek esparru politiko-instituzionalarekin identifikatzen dute politikaren kontzeptua: «Kalean politikari buruz galdetzen duzunean, hitzak atzean dituen ideiak gobernua, parlamentua edo alderdia dira, baina politikak soziologian esanahi askoz ere zabalagoa du, zerikusia du boterearekin, erabakiak hartzeko ahalmenarekin, auzi kolektiboekin».

Ildo horretan, gazteen arteko politizatze maila era askotakoa izan daitekeela dio Larrinagak: «Benetan oso gazte gutxi daude inoiz ezer egin ez dutenak, inoiz politikaz hitz egin ez dutenak, informazio politikoa bilatu ez dutenak. Batzuk ez dira politikoki aktiboak, baina beste batzuek esaten dizute nahita urrundu direla, oraingo politikak asetzen ez dituelako».

Gaurko gazteei ez zaiela politika interesatzen uste da, baina ikerketan argi geratu da ezin dela orokortu. Edonola ere, politikarekiko «deskonexioa» politika instituzionalaren inguruan ulertu behar da. Izan ere, gazte askok ekimen desberdinetan parte hartzen dute eta, horrekin batera, konpromiso sozialaren inguruko beste ikusmolde politiko eta ideologikoak agertzen ari dira. Ikertzaileak dioenez, parte-hartzea ulertzeko «beste esperientzia mota batzuk daude, politika ezin da mugatu ohiko esparru politikora, hauteskundeetara. Hortik kanpo dibertsifikazio handia dago».

Egungo gazteak, krisi etengabean bizi izan diren horiek, beste «gizarte eredu» batean bizi direla dio soziologoak, Modernitate berantiar horretan, globalizazio eta indibidualizazioaren garaian, eta, horrenbestez, «baldintza horietara egokitu dira eta horien barruan esperimentatzen dute». Hala, politika-molde batetik urruntzen ari diren heinean, beste esparru batzuetan, mikropolitikan adibidez, konpromisoa erakusten dute, «ikusten dutelako gune autogestionatuetan, kooperazioan, beraiek zerbait erabaki dutela». «Gazteek egiten dituzten praktika politiko asko laborategi politikoak dira, aztertzen dituzunean zenbait esperientzia, esaterako, Errekaleor edo Astra nola sortu diren, baita kontsumo talde batzuk, ekologia talde batzuk, trantsizio ekologikoaren alde egiten ari diren gauzak, gazte nekazari batzuen elikagai subiranotasunaren aldeko esperientziak, esperimentatzen ari direla konturatzen zara, ez diote esperimentazio politikoa deituko, baina ikusten ari dira beste gizarte posible batzuk egikaritu daitezkeen ala ez».

Larrinagak uste du “Parte hartu ala paso egin?” galderari erantzuteko binomio bat ez dagoela: «Lehenengo ulertu behar da politika eta parte-hartzea beste modu batera ulertu behar direla, oraindik politikaren kontzeptu hegemoniko hori aldatuz joan behar dela, ulertzeko benetan zer gertatzen den; abiapuntutzat betiko definizioak hartzen baldin baditugu, ez dugu gertatzen ari denaren benetako argazkia lortuko».

All about «