Andoni ARABAOLAZA
Erronka

Xavier Thevenard-ek ez du lortu GR-20 ibilbideko marka haustea

Korsikako iparraldea eta hegoaldea lotzen 32:32ko denbora egin zuen; hots, marka duen François D´Haene-k baino ordubete eta26 minutu gehiago. Korrikalariak 180 kilometro eta 14.000 metroko goranzko desnibela dituen ibilbide mitikoari aurre egin zion.

Trail runningeko espezialista batzuentzat Korsikako uhartea iparretik hegora zeharkatzen duen GR-20 ibilbidea arras erakargarria da. 180 kilometro eta 14.000 metroko goranzko desnibela ditu. Horra, mendi horietan dagoen iraupen luzeko ibilbidearen datuak.

Kronoari begiratzen badiogu, esan dezakegu nazioarte mailan sona handia duen erronka dela. Hilaren 6an, adibidez, Xavier Thevenard-ek ekinaldi gogorra egin zuen egungo errekorra gainditu nahian. Ekinaldia egin bai, baina helburua ez zuen lortu. Egungo errekorra François D´Haenek du: 31 ordu eta 6 minutu. Bada, Thevenard-ek 32 ordu eta 32 minutuko denbora egin zuen.

Erronkari ekin aurretik, korrikalari frantsesaren gertukoek iragarri zuten Thevenard-ek D´Haeneren marka haustea lortuko zuela. Ezin izan zuen, ordea. Ibilbidearen erdira arte denbora onena egin zuen; baina, zoritxarrez, bero handia egiten zuen eta horrek zapuztu zuen frantsesaren asmoa.

Ohi bezala, Thevenardek ikuskizun handia eman zuen. Ultra distantzian egungo espezialista sasoikoenetarikoa da. “Monsieur UTMB” goitizena jarri diote; izan ere, lautan irabazi du Mont Blanc-eko Ultra Traila. Korrikalaria goizeko lauretan irten zen Calezanatik. Hori bai, xede horrek sona handia duenez, puntu ofizial bat eman nahi izan zion: antidopin kontroletik igaro zen.

Errekorra lortzea zuenez helburu, 30 laguntzaile eraman zituen. Bakoitzak betebehar zehatza zuten. Ibilbidean gidatzeaz gain, tresneria guztia garraiatu zuten: bizkar-zakua, ura, janaria, makilak...

Thevenard-ek argi baino argiago utzi zuen, hasiera-hasieratik, oso sasoiko dagoela. Erritmo azkarra ezarri zuen, eta segituan ohartu zen errekorra gainditzeko aukera handiak zituela. Alabaina, bazekien iraupen oso luzeko ibilbidea dela, eta indarrak gorde behar zituela. Baina, oro har, erabaki zuen “zuhurtziaz” ez jardutea, eta den-dena ematera irten zen.

Bero handia

Zeharkaldi horren lehendabiziko zatia da teknikoena. Adibidez, La Solitude izenez ezaguna den zirkutik igaro zen. Arriskua duen zatia da hori, eta Thevenarden taldeak sekzio jakin bat ekipatu zuen. Eskuarki, ohiko mendizaleak ez dira hortik pasatzen.

Antza denez, itxialdiak ez du eragin zuzenik izan korrikalariaren sasoian. Denbora oso onak markatzen ari zen, eta eremu oso bertikalean zein urratzailean errekorraren azpitik zihoan.

Gauzak okertu eta arratsaldeko azken orduekin batera etorri zen frantsesaren gainbehera. 30 graduko tenperatura markatzen zuen termometroak. Horrek abiadura mantsotzera eraman zuen, eta nekeak eta oinetan izan zituen arazoek denbora asko galarazi zioten.

Erronka hauetan buru-belarri ibiltzen diren korrikalariek badakite muturreko jardun horiek oso gorabeheratsuak direla. Gaua iritsita, tenperatura jaitsi eta Thevenard suspertzen hasi zen. Indarra berreskuratuta, gogor ekin zion ibilbidearen azken zatiari. Ibilbidean zehar jarritako hamabi kontrol guneetan fitxatu eta Concan zuen helmuga puntura heldu zen. Denera, Korsikako GR-20 ibilbideak 32 ordu eta 32 minutuko denbora eskatu zion. Beraz, ez zuen D´Haeneren denbora gainditu, ezta Guillaume Perettirena ere. Azken honek, 2014an 32 orduko denbora egin zuen.

Thevenard erabat txikituta iritsi zen: «Jasangaitza izan zen. Azken 15 kilometroetan asko sufritu nuen; kalbarioa izan zen. Azken 10 urteotan ultra distantziako makina bat jarduera egin ditut, eta hau bestelakoa da oso. Aitortu behar dut inoiz ez dudala izaera honetako esperientziarik bizi izan».