GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Pandemiaren hegakadak sortutako ekaitza


Uztaila amaitzen ari da, eta oraindik kosta egiten zait opor garaian gaudela ohartzea. Aurten ezin izango dugu herriko jaiez gozatu, oporrak antolatzea zailago egiten ari zaigu, eta ezin dugu esan udan ezer gertatzen ez denik. Hala ere, inoiz baino beharrezkoa dugu egun batzuetan deskonektatzeko aukera izatea; urtea, konfinamendua tartean, bereziki gogorra izan delako. Dena dela, Eurostatek esan digu Europako biztanleen ia heren batek ezin dutela oporretako astebeteko egonaldia etxetik kanpo egin. Tamalez, ez da aipagarria iruditu zaidan datu bakarra. Izan ere, azken egunetan, bizi-baldintzen inguruko zenbait ikerketaren emaitzak ezagutzeko aukera izan dugu. Esaterako, argitara eman da 2019an pobrezia oro har murriztu egin bazen ere, haurren kasuan igo egin zela, igogailu soziala moteldu, desberdintasunak areagotu, eta jada, lan merkatuan sartzea ez dela, berez, muturreko zaurgarritasunaren kontrako berme hutsezina. Orduan, osasun krisiaren ostean zer espero dezakegu? Nazioarteko datuetara jotzean, ondorioztatzen da covid-19a eragin zuzen eta zeharkako oso garrantzitsua izaten ari dela osasunean, gosean eta elikagaien segurtasunean. Horrela, Nazio Batuetatik berriki ohartarazi dute gero eta argiagoa dela berehalako neurriak hartu ezean, elikagaien larrialdia sortuko dela munduan, eta epe luzeko ondorioak ekarriko dituela. Argi eta garbi, pandemiari lotutako behar medikuek berehalako eta urgentziazko erantzuna behar dute. Erantzun hori, baina, ezin da guztientzako oinarrizko zerbitzuetarako sarbidearen kaltetan egin. Osasun-sistemak indartu behar dira, eta gizarte-babes egokia bermatu. Izurriteak eta izurritetik babesteko hartutako neurri murriztaileek ahuleziak areagotu dituzte. Gose-pandemiak eragin ditzakeen bigarren mailako kalteak aurreratu eta arindu egin behar dira, kalteei erantzun bat eman behar zaie, halabeharrez eta ikuspegi orokorra galdu gabe. Aurreko pandemiek erakutsi dute kalte larriagoak sortu daitezkeela agerraldiaren zeharkako ondorioengatik gaixotasunagatik beragatik baino.