Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Menopausia, ezezagun hori

Gogoan dut txikia nintzenean gure amama ETBn elkarrizketatu zutela behin. Han bildu ginen etxekoak ezohiko gertakariari so, harro-harro. Gogoan dut tutik ez nuela ulertu zertaz ari ziren hizketan, orduan menopausia goiztiarra niretzat atzerriko edozein hizkuntza bezalakoa zelako, urruna eta zeharo ulergaitza, alegia, nire bizitzarekin inolako zerikusirik gabea.

Gogoan dut urte batzuk geroago hizpide izan genuela gure amama zenak eta biok elkarrizketa hura, menopausiari buruzkoa, zehazki berak nola bizi izan zuen eta, baina ez nion arreta berezirik eskaini, orduan oraindik zientzia-fikzioa zelako niretzat. Garai hartan, nahikoa nuen nire bizitzan berriki agerturiko hilekoa kudeatzen: ustekabeko desatseginak saihesteko zein egun zehatzetan etorriko zen kalkulatu, obarioetako mina baretu, konpresak ala tanpoiak zer zen hobe erabaki, konturatu gabe galtzak zikin ez izateko obsesioari aurre egin… Harik eta, nire gorputzaren ezinbesteko mekanismo natural gisa, hilekoa izatera ohitu nintzen arte, munduko neskatila guztiak bezala.

Orain, ordutik urte asko eta asko joan direnean, jakin badakit menopausia munduko emakume guztiok bizi izango dugun garai bat dela –definizioa obuluen jarduera eten eta hilekoa betiko desagertzeko prozesua duena–, adin gutxi gorabehera jakin batera bizirik heltzea lortu badugu, behintzat. Hortik aurrera, baina, ezer gutxi gehiago dakit, eta dakidan apurrak kezka eta beldurra eragiten du: beroaldi eta itolarriak, gaueko izu-ikarak, lo egiteko zailtasunak, baginako lehortasuna, sexu-desirarik eza, identitate-krisia, depresioa… Halaxe dago sozializatua, berariaz dagozkigun beste hainbeste kontu bezala, menopausia: emakume orok helduaroan saihestu ezingo duen, nahitaez sufritu beharko duen, gaitz bat, zeharo desatsegina.

Jakin badakit, ordea, menopausiaren atarian egon naitekeelakoan han-hemenka bilatzen, ikertzen eta inguruko andreei galdetzen ibili naizelako, ez ahalegin handirik egin gabe edonon aurki daitekeelako, buruan ohartu gabe sartuta dugun irudi hori ez dela bakarra eta beti erreala, ez sintomei ez ondorioei ez garai jakin hori bizitzeko erari dagokienez (emakume askok liberazioa sentitzen dute, adibidez, beste ezer baino gehiago). Izan ere, zenbat andrazko hainbat bizipen, nahiz eta jendarteak oraindik ere gaiaren gaineko kontakizun bakar eta izugarri hori soilik eskaintzen digun.

Zein adi entzungo niokeen orain gure amamari, edozerri buruz zuzenean eta gezurrik esan gabe hitz egingo zidanari!