GARA Euskal Herriko egunkaria
Erremontea

Buruz Burukoaren azken txanpari ekiteko prest

Urriza eta Barrenetxea IV.a faboritoak bigarren ligaxkan sartuko dira lehian, abuztuaren 22tik aurrera.


Erremonteko Buruz Buruko Txapelketak, Kutxabank Torneoa izenpean, marraztu du jada txapela irabazi nahi duen pilotariarentzat bide orria. Aurreko asteetan “B taldea” deitu dioten multzoko kanporaketak jokatu dira eta fase horretako finalarekin ekingo zaio lehiaketaren azken txanpari. Final hori Juaneneak eta Larrañagak jokatuko dute gaur Galarretan, eta partida hori irabazten duena azken faseko lehen ligaxkan sartuko da. Ligaxka horretan zain daude Ansa II.a eta Goikoetxea V.a, eta lehiatuko diren hiru pilotarien artetik bakarra izango da aurrera egingo duena.

Izan ere, ondoren beste ligaxka bat etorriko da, lau pilotarik osatua, eta hor sartuko dira txapela irabazteko faborito nagusiak: Endika, Urriza eta Barrenetxea IV.a. Hain zuzen ere, azken bi horiek dira finalean egoteko apustu guztietan agertzen direnak. Urrizak sei aldiz irabazi du urteko txapel garrantzitsuena, baina iaz Endika Barrenetxeak mendean hartu zuen finalean.

Aurtengoari dagokionez, ligaxkako pilotari onena zuzenean sartuko da finalean, azkena kanpoan geratuko da, eta bigarrenak kanporaketa bat jokatu beharko du hirugarrenaren aurka finaleko txartela jokoan dela.

Lehiaketaren berritasun nagusienetako bat egutegian dator, izan ere, inoiz baino beranduago amaituko da aurtengo ekitaldia. Lehen ligaxkako demak abuztuaren 15ean eta 20an jokatuko dira; bigarren ligaxkakoak abuztuaren 22an, 27an, 29an eta irailaren 3an, 5ean eta 12an; finalerdi itxurako kanporaketa irailaren 19an; eta, finala, irailaren 26an. Partida guztiak ostegun eta larunbatetan jokatuko dira eta puntuazioa ere azken urteetan bezala egingo da. Buruz Buruko Txapelketaren 38. edizioa da aurtengoa.