GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Epika berri baten bila


Askapen borroka guziek behar dute nolabaiteko epika. Berez, mundua aldatzea gauza zaila da, oztopo eta erresistentzia handiak aurkitzen dituelako jarduera eraldatzaile orok, horregatik, ezinbestekoa da indar emozionalak elikatzea, zapuzketaren gainetik pasa ahal izateko. Epikak betetzen du eginbehar hori: borrokatzeko “arrazoiak” ez dira aski, eta nekez artikulatzen dira engaiamendu kolektibo batean desira partekatuak eraikitzen ez diren bitartean.

Epikak ez dira laborategietan ekoizten, alta. Herri borroketan gorpuzten dira epika eraldatzaileak, dinamika emankorretan errotzen diren heinean, aurrerapen eta lorpenik gabe, indarra galtzen baitute jendartearendako, talde txikien baitan bizirik jarraitu arren. Epika antifaxista Europako bektore demokratizatzailerik emankorrenetako bat izan da azken hamarkadotan, horregatik da espainiar Estatuan hain ahula kultura demokratikoa. Borroka epikak ekarri du Euskal Herrian hautematen den taupada demokratikoa, baina fenomeno historikoak agortu daitezke berritzen ez badira, eta gurean errentatik bizi gara aspaldi, maila batean, bederen.

Dela Orreagako gatazkaren oroimena, dela “Gernikako arbola” ereserki gisa hartzeko ekimena, iniziatiba zehatzen kritikan edo onespenean geldi gaitezke, baina badugu haratago joatea. Ene ustetan, funtsean, epika berri baten beharra begi bistakoa da, eta batzuk eta besteak, gustuko dugun eran ala ez, urratsak ematen ari dira hutsune hori betetzeko.

Azken hamarkadotako Euskal Matxinada matxinada berriez erditzen ari da. Herri gisa jardun beharra gero eta beharrezkoagoa delarik, epika edo epikak eraiki behar ditugu elkarrekin. Tamalez, hori ere barne lehietarako aukera bilakatzen ahal da. Asmatuko? Kezka bera dugunon arteko lehiak eta eztabaidak behar bezala kudeatu beharko, hasteko. Kudeaketa horretan egon daiteke epika berriaren oinarrietako bat, elkarrekin aritzeko beste eredu batean, alegia.