A.A.
Erremontea

Juaneneak txapelduna ere menderatu du

Aritz Juaneneak argi utzi zuen atzo Galarretan Buruz Buruko Txapelketa irabazteko kontuan hartu beharreko hautagaia dela. Lehiaketari azpi-azpitik ekin arren, lau onenen artean sartzea lortu du eta azken ligaxkaren aurreneko neurketan sekulako ezustekoa eman zuen, egungo txapelduna den Barrenetxea IV.ari 21-30 irabazita.

Juaneneak dena egin zuen primeran bere ondoz ondoko seigarren garaipena lortzeko. Ongi sakatu, ederki piloteatu, defentsan lan bikaina egin… Unerik zailenetan ere burua hotz mantendu zuen eta merezita hartu zuen mendean iazko txapelduna.

Partidaren hasiera oso parekatua izan zen, baina saldiastarra ia beti aurretik ibili zen markagailuan. Lehen tarte aipagarria 7-14koan lortu zuen, sakez hiru tanto segidan eginda eta pilota paretan bikain sartuz. Aldea irekitzen jarraitu zuen nafarrak 8-18kora arte.

Endika Barrenetxea gogotik saiatu zen markagailua estutzen, eta 14-18 hurbiltzea lortu zuen. Hernaniarraren tanto onenak izan ziren, iazko jokoaren trazekin, baina Juaneneak ez zuen etsi une horietan eta urduritasunari eusten jakin zuen.

Berriz ere nafarrak ihes egin zuenean, 15-26 aurretik jarrita, Barrenetxearen helburua ahalik eta tanteo onena lortzea bilakatu zen, ligaxkan punturen bat biltzen saiatzeko. Azkenean 21 tanto egin zituen, -1ekoa ekidin zuen, baina punturik gabe geratu da sailkapenean, Juaneneak lau dituen bitartean.

Juaneneak 20 tanto egin zituen jokoan, 7 sakez, bi huts jokoan eta falta bat sakez. Barrenetxeak 13 izan zituen jokoan eginak, 5 gehiago sakez, galdutako bat jokoan eta bi falta sakez.