GARA
IRUÑEA

Taxilari eta Villavesako gidariek azken erasoak gaitzetsi dituzte

Iruñerriko taxilari eta autobus zerbitzuko gidariek elkarretaratzea egin zuten Iruñeko Baluarte plazan, Mankomunitatearen egoitza aurrean, azken asteetan gidariek pairatu dituzten erasoak deitoratu eta segurtasun neurri gehiago eskatzeko. Abuztuaren 10ean Villavesako autobus gidari bati eta taxilari bati eraso egin zieten Barañainen. Mankomunitateko presidenteari bilera bat eskatu diote, baina ELAk jakinarazi duenez, oraindik ez dute erantzunik jaso.

Dozenaka autobus eta taxi gidari elkarretaratu ziren atzo goizean Baluarte plazan. TCCko enpresa batzordeak –Iruñerriko autobus zerbitzua– eta Teletaxi San Fermin enpresako zuzendaritza batzordeak deitu zuten mobilizazioa, duela pare bat aste autobus gidari batek eta taxilari batek jasan zuten erasoa deitoratzeko asmoz.

Abuztuaren 10ean jazo zen erasoa, Barañainen. Azaldu zutenez, L4 autobus lineako gidariari ostikoak eta ukabilkadak ematen zebiltzan zenbait gazte eta taxilari bat hura babestera joan zen. Azkenean taxi gidariari ere eraso egin zioten eta aurpegian zauri batzuk eta gorputz adarretan hematoma batzuk zituela artatu behar izan zuten. Autobus gidaria antsietate sintomekin bajan egon dela jakinarazi zuten.

TCC enpresan ELAko ordezkari den Carlos Villainek jakinarazi zuen Iruñerriko Mankomunitateko presidentearekin hitz egiteko bilera eskatu zutela, baina oraindik ez dutela erantzunik jaso.

Teletaxi San Fermineko presidente Kiko Asinen hitzetan, autobus erabiltzaile askok ez dute errespetatzen musukoen erabilera. Garraio publikoan maskara erabiltzea derrigorrezkoa da hasiera-hasieratik eta hori gogoraraztean, zenbaitek aurre egiten dietela eman zuen aditzera. Halaber, adierazi zuen kasu batzuetan «taldean» egiten dietela aurre profesionalei.

Babesgabe sentitzen dira zenbait egoeratan eta, beraz, jokaera zakar horien aurkako kanpaina gehiago abiarazteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari. Ordenantzan jasotakoa bere horretan aplikatzea eskatu zuten, eta, besteak beste, ordenantza horiek gogortzeko beharra ere ikusten dute. Carlos Villainek adierazi zuen «Mankomunitatea beti beste aldera begira» dagoela eta horrelako egoera baten aurrean, Udalarekin batera agertu beharko lukeela.