«Attack China!»
Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako hauteskunde kanpainak eslogan politiko ospetsuen sorburua izaten direla esan beharrik ez dago: has gintezke Roosevelten “New Deal”-etik eta etor gintezke Trumpek, Reagani ostuta, darabilen “MAGA” horretaraino. Tartean, “New Frontier”, “The economy, stupid”, “Yes, we can” eta abar luze bat.
Agian, ordea, inoiz ez zen gertatuko itxura guztien arabera aurtengo kanpainan gertatu behar duen hori: alde biek goiburu berbera erabiliko dutela, baina esaldia ozenki aipatu ere egin gabe: “Don't defend [Trump/Biden]; attack China!”. Abiatuta dago jada elur bola.
Ez baita horren erraza bietako inor gogotik defendatzea. Eta, aldiz, hain erosoa dirudi lehiakidea ez, etsaia, adar eta buztanduna, den hori maiseatzea! Baina ez da oraingo kontua soilik: covid-19ak eta gainerakoek gaurkotu besterik ez dute egiten «arrisku horiaren» bazka zaharra. «Mendebaldearen» zutarri kulturaletakoa da eta.
Apirilaren erdialdera Brett O'Donnell aholkulari ultrak hautagai errepublikanoentzat landutako memorandum elektoralean agertu bazen ere espresuki esamoldea lehenbizikoz, aspaldi-aspaldiko lepotik dator aburua. Estatu Batu WASPean, hauteskundeak erabakitzen dituenean, hedatuena eta errotuena baita arrazakeria antiasiarra. Berezia, bai, besteak beste, ez delako arrazakeriatzat jotzen, baizik… jakinbide zuhur, zientifiko, dokumentatu eta orekatsua balitz bezala. Tira, beste edozein arrazakeriaren kasuan bezala, ezta? Baina, oraingo honetan, munduko hegemonia dago jokoan, agidanez.
Prozedura ez da batere berria: etsaiari buruz, ez da inoiz ezer positiborik esan behar; on samarra dirudien zerbait esatekotan, beti saihets makurrenetik aurkeztu behar da; eta hori ere ezin bada, isiltzea hobe. Kaltegarria dena, aldiz, hauspotu egin behar da, lehertu arte. Eta beti geratzen da gezur lotsagabea botatzeko aukera; eta ez da horretarako sasoi txarra oraingo hau, alafede.
Emaitza, komiko samarra ere izan daiteke batzuetan. Demagun, Steve Bannon atxiloaren «ostalaria» zen Guo Wengui horren inguruan egin den isiltasun gorgarriaren kasuan...