AUG. 28 2020 ANTZERKIA Hamsterrak eta gazta Arantzazu FERNANDEZ Gehienetan azpitxapeldunekin lerratzen dugu geure burua. Bizitzan, gaztaren atzetik korrika joaten diren hamsterren antzera, esfortzua eginda ere, irabazia ziurtatuta ez dagoela dio antzezleak. Baina... zer da irabaztea? Zenbateraino axola zaigu? Horixe dugu gaia Jon Plazaolak asmatu duen bakarrizketa antzerkiraturako. Izan ere, publizitate agentziko kreatiboa den Felix izenekoa sari banaketako gala batera joan ala ez dabil. Hautagaia da eta kezkaz beterik egonezinean dabil, urduri, ozenki bere barrua husten. Haren kezkaldiaren lekuko eta solaskidea du publikoa, stand up comedy generoa ezaugarritzen duten trikimailuez gozatuz. Bakarrizketa telefono deiek mozten dute, hortxe parada txisteak egiteko, erritmoa eteteko, gaiaz aldatzeko. Pertsonaia bere baitatik atera eta beste batzuk imitatuko ditu gorpuzkera zein ahotsa aldatuz; kontakizunak denboran jauziak egingo ditu, iragana eta orainaldia nahastuz baina, beti-beti, hasierako hari-muturrari helduko dio Felixek: galara joan ala ez joan (That is the question). Beti galtzaile sentitzea gai oso serioa bada ere, umore beltzak edota ironia garratzak ez dute tokirik “Irabazi”n. Horrela, adibidez, itxialdiari buruzko aipamenek ere irribarre gozoa sortarazi digute. Entretenimendu honek arina eta azkarra du tonua, barregarritasun adimentsuak sortua. Gainera, Plazaolak primeran daki publikoarekin zer egin baina komiko moduan duen abilidadeaz abusatu gabe. Ez da, beraz, aktore moduan, errazkerietan desbideratu ikusleak barre algaran jartzeko. Fina du umorea, ideien abiadura erne egoteko eskatzen digunetakoa, horrelakoxea baita komedia mota honen eskakizuna: jarrai nazazu zer esaten dudan entzuteko eta ze barregarria garen ulertuko duzu. Honen guztiagatik, Jon Plazaola zuzenean mirestera joateko ohitura gehitu diogu gure ikusle agendari (Aitziber Garmendiaren baimenarekin, jakina!).