SEP. 02 2020 JOPUNTUA Argala, Gabo eta Chao Kepa Korta Irakasle eta ikertzailea Carrero Blanco 1973ko abenduaren 20an zeruetara bidali zuen ekintzak eragin zuen biktima bat nekez aurreikus zitekeena, nahi gabeko albo kalte gisa sailkatu ohi den horietakoa. Kaltea larritzat ala soilik arintzat jo behar den ez daukat oso argi. Kontua da Gabriel Garcia Marquezek “El otoño del patriarca”-rako pentsatua zeukala diktadorea bere autoan eraikin baten teilatura bidaliko zuen leherketa baten eszena. Errealitateak aurrea hartu zion fikzioari beste behin, euskaldun gazte batzuen eskutik, «Yup! la-la…». Benetako gertaeren berri berak zuzenean emateko –eta benetakoen xehetasunak eta fikziozkoak alderatzeko asmoz, gehituko nuke nik–, idazketa planak zapuztu zizkioten gazte haiek elkarrizketatzea bururatu zitzaion Gabori, eta euskaldunekin kontakturik lor zezakeen galdetu zion bere lagun Ramon Chaori, Bartzelonatik Parisera bisitan joan zitzaion batean. Chaotarrenean pianoa jo ohi zien Ramonek Garcia Marquez senar-emazteei; gitarra eta bestelako musika Manu eta Antoine Chaok Rodrigo eta Gonzalo Garcia gazteei. Andre Aubry apaizaren eta horren lagun apaiz euskaldun baten bitartez, Chaok lortu zion hitzordua Gabori. Parisko kafetegi batera bildu ziren euskal apaiza, bi bizardun gazte eta Chao bera. Gabo ez. Pasadizo interesgarri horren berri Mertxe Aizpuruaren “Argala. Pensamiento en acción” liburu mardulean topatu dut. Esango nuke Netflixek edo Hamaika TBk produzitzeko moduko fikzio-errealitate serie on baterako materiala dela, galdera interesgarriak sortzen dituena. Zergatik egin zuen Gabok atzera? Segika ote zituen polizia frankistak? Presioa egin zion editoreak bere asmoen berri jakinda, agian? Eta batez ere, zer pasatuko zen Gabo bilerara agertu izan balitz? Aizpuruaren liburua nahitaez irakurri behar du euskal historia hurbilari buruzko oinarrizko ezagutza izan nahi duen orok. Horregatik, berandu dator honezkero euskarazko bertsioa. Gero, telebista serierako gidoiarekin hasiko balitz, Gaboren atala jorra dezala eskatuko nioke Aizpuruari. Espainiako Parlamentuan egin beharreko lanak uzten du horrelakoetarako tarterik, ezta? Zergatik egin zuen Gabok atzera? Segika ote zituen polizia frankistak? Presioa egin zion editoreak bere asmoen berri jakinda, agian? Eta batez ere, zer pasatuko zen