SEP. 23 2020 DUINTASUNEZ BIZITZEKO GOGOARI ESKAINITAKO MAITASUN ISTORIOA Ipurtargiak izango balira bezala, horrela ibili dira Kirats Teatro Repelenteko kideak Donostiako txokoak argiztatzen. «Mariage d’amour» piezarekin maitasuna zabaldu dute ezustean aurkitu dituzten ikusleen artean. Adi, edozein unetan topa ditzakezu eta! Ekhi MARTIN Kirats Teatro Repelente taldea ez da antzerki talde arrunta. Nork aukeratuko luke, bada, ezohiko izen hori? «Repelenteak» direla esango dute agian, txantxetan baina, egia esan, berezi egiten dituena inklusiboak direla da, baita lantzen dituzten gaiak ere. Oraingoan maitasunaren inguruko antzezlana dakarte, “Mariage d’amour”, Maite Agirrek zuzendutakoa. Xabi Madina eta Nerea Iglesias dira aktoreak. Oraingoz kale ikuskizun bezala planteatzen dute, baina aurrera begira aretoetara egokitzeko asmoa ere badute. Hasteko, irailean zehar jada bi emanaldi eskaini dituzte Donostian, eta eguraldiak baimena ematen badie, datozen asteetan ere kalean izango dira, zehazki non ibiliko diren aurreratu nahi ez duten arren, zuzendariaren esanetan euren ikuskizunaren xarma ustekabean aurkitzea baita. «Kalean garatzen den pieza denez, begira dagoen jendea ikusleak baino gehiago dira, eta euren jarrerarekin ikuskizunaren parte bilakatzen dira. Horrela, inprobisatutako egoerak sortzen dira, une eta espazio horretara lotuak gelditzen direnak», azaldu digu Xabi Madinak lanaren inguruan. Izan ere, Nerea Iglesiasek azaldutakoaren arabera, publikoa beraien proposamenaren parte da eta jendearen interakzioak agertokia eraldatzen du. «Publikoaren begirada desberdinek gure maitasun istorioa josiko dute. Hau da, publikoarentzat bizitzaren beraren ispilu izango gara eta, nolabait, azalean geratuko da gorputz ibiltarietatik sentitzen dutena. Horrela, esana da zoriontasuna ez dela existitzen partekatua ez bada; antzerkiarekin gauza bera gertatzen dela esango nuke». Nahiz eta inprobisazioz betetako ikuskizuna dela iruditu, ez da hala. Lantaldeak sekulako lana egin du entseguetan. «Protagonisten harremana, fisikoa eta emozionala, teatroaren bidez, dantzaren bidez, musikaren bidez... asko entseatu dugu», argitu du Maite Agirrek. Ikuskizunari berari buruz Madinak uste du pertsona batzuk harritu egiten direla ikuskizunean parte hartzen duten aktoreetako batzuk ezgaitasunen bat dutelako. «Espero ditugun erreakzioak dira, ez gaudelako ohituta horrelako pertsonak kaleko antzerkia egiten ikustera. Artista bezala, gure erronka aktibitate hauek normalizatuak izatea da; ikusleak gurpildun aulkiaren presentziari jaramonik ez egitea eta bere begirada espresiobide artistikoan jartzea». Zuzendariak dio oinezkoak ohitzen joan direla kalean proposamen artistikoak topatzera. «Niri beti iruditu zait kasu horietan oso une poetikoak sortzen direla, eta gu ere saitzen gara publikoarekiko harreman kasualak eskaintzen». Bestalde, Agirrek azaldu digu bi errealitate psiko-fisiko desberdin jartzen dituztela mahai gainean: «Protagonista bat bere gurpildun aulkian mugitzen da, beste dantza pertsonala eskainiz, oso dinamikoa, elegantea. Beste protagonista, bere musikarekin, saiatzen da dantza horretan sartzen, nahiz eta dantzaria ez izan». Hiria argiztatzen Hiriko txokoak argiztatu nahi dituztela dio Kirats Teatro Repelenteak. Eta oraingoan maitasunarekin egin nahi du hori. «Egia esan, zinez ederra den hiri batean bizi gara... baina ez bakarrik begiratzeko, baizik eta bizitzeko ere bai, eta baditu txoko batzuk istorio politak sortzeko prestasuna dutenak. Ba al dago zerbait argitsuagoa maitasun konkista bat baino?», esan du Madinak. «Gure argia ipurtargiarena bezalakoa da», azpimarratu du Iglesiasek. Berak azaldu duenez, ipurtargiek gauean argitzen dute eta beraiek, iluntzen ari den mundu honetan, argitzeko gogoz dabiltza mundua alaitzeko nahiarekin. Horretarako, maitasunak ezinbesteko papera jokatzen duela dio, «benetakoa, sendoa eta gardena». Maitasun hori «bizitzari berari eta duintasunez bizitzeko gogoari» deklaratzen diotela azaldu du. “Mariage d’amour” kale ikuskizuna izateaz gain, parte ibiltari bat ere badauka. Hau da, leku batean kokatzen dira eta bertan pieza eskaini ostean, «kalejira» deitzen dioten zatia dator; alegia, kalean zehar doaz aktoreak, elkarrekin. Batzuetan publikoa haien atzetik joaten da, kalejira batean bezala. Gipuzkoako Aldundiaren Oreka egitasmoaren baitakoa da proiektua. Kolorearekin elkarteak antolatua da, Agerre Teatroren lankidetzarekin. Antzerkia inklusiboa izango da, edo ez da izango Kirats Teatro Repelentek film labur bat prestatu nahi du antzerki taldearen zein “Mariage d’amour” sortzeko prozesuaren inguruan. Helburua «antzerkiaz eta arteaz, maitasunaz eta askatasunaz, minaz eta ametsez hausnartzea da era poetiko batean», Nerea Iglesiasek esan duenez. «Filmaren atzean hiru pertsonaren istorio polita dago, lantalde eraginkor bat osatzen duguna. Lan asko egin dugu, baina batez ere disfrutatu egin dugu», esan du Xabi Madinak. Hori ere filmean islatzea nahiko luke, baina aitortzen du 15 minutuan ez dela dena kabituko. «Gure film laburrarekin inklusioaren indarraz, edertasunaz hitz egitea dugu asmoa, sorkuntza arloan eskaintzen duen aberastasunaz. Teatro mailan, adibidez, hau etorkizuna da. Teatro ‘normala’ desfasatuta geldituko da. Gaur egun teatroa emakumezkorik gabe egitea desfasatua den bezalaxe», ziurtatu du Maite Agirrek.E.M.