GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Zaballako presoen bizia salbatzea premiazkoa da


Zoritxarrez, hamabost egun baino gutxiagoan, berriz ere GARAk editorial bat eskaini behar dio Zaballako espetxeko preso baten heriotzari. Arabako presondegiko harresien barruan zerbait oso larria gertatzen ari da aurten lau preso hil direnean eta iaz beste bost pertsona hil zirenean. Guztiak preso gazteak ziren eta «egoera ez naturalean» zendu dira. Atzo jakin zen azken biktima 35 urteko gasteiztar bat izan dela.

Hildako presoen kopuru izugarriak egiaztatzen du ez direla salbuespenezko kasu isolatuak, etenik ez duen tragedia baten katebegiak baizik. Estatuak, bere ardurapean dauden presoen bizia zaintzeko azken erantzuleak, ez ditu horrelako heriotzak saihesteko baliabideak jartzen. Gizarte eragileek salatu bezala, Barne Ministerioak ez du inolako urratsik eman mendekotasun larriak pairatzen dituzten presoen kopurua gutxitzeko; ez du ezer egin buruko gaixotasun larriak dituzten presoek behar bezalako diagnostikoa izan eta tratamendua jasotzeko. Eta ez du inolako urratsik eman presoen pilaketak ekiditeko eta kartzeletako osasun eta bizi baldintzak hobetzeko. Egoeraren dimentsioa ikusita, iritsi da garaia arduradun politikoek eta judizialek neurriak har ditzaten eta heriotza horien nondik norakoak argitzen has daitezen. Ezin da utzi heriotzok oharkabean igaro daitezen berriro, orain arte gertatu bezala. Derrigorrezkoa da ikerketa bat abiatzea, aztertzea zer gertatzen ari den eta beharrezkoak diren neurriak hartzea.

Kartzelen egungo egoera guztiz onartezina da gizarte zibilizatu batean. Gainera, heriotza horietako gehienak indarrean dagoen egungo legedia aplikatze hutsarekin ekidin daitezke. Estatu espainoleko espetxeetako egoera eta aplikatzen den espetxe politika Espainiako Gobernuaren ardura zuzena dira. Iritsi da unea, hitzetatik harago, erantzukizunak ere bere gain hartzeko eta presoen biziak zaintzen hasteko, presoen eskubideekiko errespetua arau izan dadin eta ez salbuespen.