GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Euskararen alde busti, euskarak dena blaitzeko


Aspaldiko kezka da euskararen erabilerak ez duela hizkuntzaren ezagutzak adinako bilakaera izan; ezagutu bai, gero eta pertsona gehiagok ezagutzen dutela, baina ez dela horrenbeste erabiltzen. Ildo horretan, Euskal Herriko gazteek euskararekin duten harreman katramilatsuak eragin ditu azken urteetan buruko min handienak, euskal hiztunak izan arren gazte askok euskara baztertzen baitute beren eguneroko jardunean, aisian, lagun taldean. Esan bezala, ez da gauza berria, baina oraindik ez zaio buelta emateko modurik aurkitu.

Auzi honi buruzko azterketa egin dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Gernika, Pasai Donibane, Zumaia eta Zornotzako errealitatean barneratu dira eta herri horietan gazte izatea zer den bertatik bertara ikusteko ahalegina egin dute. Izan ere, ikerketaren egileek nabarmendu dutenez, «gazte» etiketa orokorrak bizipen eta errealitate desberdinak biltzen ditu, eta horiek guztiak kontuan hartu behar dira bakoitzaren jokamoldea ezagutzeko. Itxuraz, bi herri antzekoak izan baitaitezke, baina horien egunerokotasuna, baita hizkuntzaren erabileran ere, oso desberdinak izan, eta horrek, noski, gazteen hizkuntza ohituretan eragina du. Nola ez du izango. Alde horretatik, ohartu dira gazteen euskararen erabilera maila herriko erabilera maila orokorra baino handiagoa den lekuetan euskarak bizitza ia osoa blaitzen duela. Eta kontrakoa gertatzen den lekuetan, bertako egitura soziala eta sinbolikoa ez dela, euskararen ikuspegitik, horren sendoa.

Hain zuzen, hori da euskarak behar duena, egitura sendo bat, eskolaren eta familiaren esparruetatik harago, gazteek euskara naturaltasunez erabili eta jaso dezaten. Euskarak presente egon behar du gazte kultura ezaugarritzen duten elementu guztietan, eta, horretarako, gazteek hain urrun ikusten dituzten kanpainak edo adierazpen instituzionalak ez dira aski. Baliabideak eta politikak behar dira, eta, batez ere, euskararen alde bustitzeko gogoa.