OCT. 05 2020 « Gazteak eta euskararen erabilera lau herritan aztergai Gernika, Zornotza, Pasai Donibane eta Zumaiako gazteekin aritu da Soziolinguistika Klusterra, euskararen erabileran eragiten duten aldagaiak ezagutzeko. Ibai AZPARREN Euskararen erabilera bi esparrurekin lotzen dute gazteek: familia eta eskola. Bi zutabe nagusi horiek dira, aldiz, toki txikiena dutenak gazte garaian. Adinkideek betetzen dute espazio hori eta justu horien arteko harreman horren eremuan euskarak protagonismoa galtzen duela ondorioztatu du Soziolinguistika Klusterrak Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera sustatu duen “Gazteak euskararen eszenatokian: erabileraren auzia” ikerketan. Euskal hiztun gazteen bizipen eta diskurtsoetatik abiatuta, horien hizkuntza-erabileraren gakoak ulertzeko hurbilpena egin dute Jone Miren Hernandezek zuzendu eta Olatz Altunak koordinatutako azterlanean. Ikertzaile Iñigo Beitia, Josu Ozaita eta Ainara Santamaria aritu dira, eta ikerketak Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzaren eta Zornotza, Gernika, Pasaia eta Zumaiako Udalen babesa jaso du. Izan ere, lau herri horietako gazteen ahotsekin osatu da ikerketa kualitatibo hau, aurrez egindako udalerri mailako azterketa kuantitaboan jatorria duena. Duela bi urte, ikuspegi orokorrago batetik ekin zitzaion erabilerarekin lotura duten faktoreak identifikatzeari, eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako datu soziolinguistiko eta soziodemografikoen azterketa estatistikoa egin zuen Soziolinguistika Klusterrak. «Helburua ez zen gazteen arloa aztertzea, baina amaitutakoan erabaki zuten gazteengan zentratzea eta, bestalde, herri tipologia jakinetan», azaldu dio GARAri Hernandezek. Hortaz, lan horrek markatutako ildotik, lau udalerri aukeratu zituzten ikertzaileek: gazteen euskararen erabilera maila herriko erabilera maila orokorra baino altuagoa den bi herri (Gernika eta Zumaia), eta gazteen euskararen erabilera maila herriko erabilera maila orokorra baino baxuagoa den beste bi herri (Zornotza eta Pasai Donibane). Herri horietan «finantziazioa lortzeko aukera» zegoela azaldu du zuzendariak eta udalak interesatuta zeudela, beste proiektu batzuk bertan egin izan direlako. «Bestalde, tipologia batzuekin lan egiteak mugak jartzen ditu eta aukera ez da hain zabala. Aldagai bat zen batzuk kostaldekoak eta beste batzuk barnealdekoak izan behar zirela, herri horien ezaugarrietan erreparatu behar genuen, oso antzekoak direnean sare ekonomiko edo izaera mailan, ikerketari begira errepikakorra gelditzen delako», gaineratu du. Euskararen erabilerarako gakoak topatzea ipar gisa harturik, diseinu metodologiko «berezi» bat egin zuten Soziolinguistika Klusterreko ikertzaileek. Ikerketaren lehen fasean, herri bakoitzeko bi teknika erabili ziren. Alde batetik, ikerketa hasi bezain laster, aztertu beharreko lau herrietan behaketa saio bana egin zen, bakoitzaren erradiografia egiteko: herriaren antolaketa, itxura, zerbitzuen kokapena, kaleko bizitza, elkarguneak, pertsonen arteko harremanak... Ondoren, gazteengana jo aurretik, herri bakoitzeko gazteriaren gaineko «oinarrizko argazki» bat edukitzeko «berriemaileak» elkarrizketatu zituzten, gazteekin lan egiten duten edo beraien errealitatea ondo ezagutzen duten pertsonak, alegia. Bestalde, ibilbideak egin zituzten, bertako gazte batzuek lagunduta, herri bakoitzean gazteek euren denbora non ematen duten jakiteko, ohiko guneen berri izateko eta, finean, toki bakoitzean gazte izatea zertan datzan ulertzeko. Lehenengo hurbilpen horretatik martxan jarri zen bigarren fasea, non euskararen erabilera hiru ardatzetatik arakatu duten. Hernandezek zehaztu duenez, uste zuten interesgarria zela sakontzea «ideologietan, zer nolako ideiak, diskurtsoak edota balioak dituzten gazteek euskararen inguruan; praktiketan, zer egiten dute euskararekin, noiz, zeinekin; eta, azkenik, ardatz emozional hori», bizipenei loturikoa eta norbanakoak euskararekin duen loturaz gogoeta egitea xede duena. Horrela, behaketa, elkarrizketak, talde elkarrizketak, ibilbideak eta egunerokoak kudeatu, eta 55 lagunekin bildu eta hitz egin ondoren, hainbat ondorio atera zituzten gazteen euskararen erabileran eragiten duten aldagai kualitatiboen inguruan. Alde batetik, Hernandezek uste du gehiegi hitz egiten dugula gazteei buruz eta era oso orokorrean, errealitate ezberdinak daudenean: «Pasaia eta Zumaia antzekoak izan daitezke baina errealitate desberdinak dituzte. Konfirmatu dugu herri ikuspegia aplikatzea, tokiko maila horretara jaistea, oso interesgarria dela. Toki batzuetan lokalen fenomenoen indarra ikusi dugu, beste batzuetan kuadrillaren indarra, eta beste leku batzuetan ikusten da gazteek oso baliabide gutxi dituztela gazte bezala garatzeko». Adibidez, ikerketan Gernikan euskarak «bizitza (ia) osoa blaitzen» duela aipatu dute ikerketan, eta horrek «testuinguru bat jartzen dio» gazteen erabilerari. Hortaz, Gernika eta Zumaia, identitate ezberdinekin, «herri trinko gisa» irudika daitezkeela ondorioztatu dute. Zornotzan eta Pasai Donibanen, aldiz, ez egitura soziala ez sinbolikoa ez dira euskararen ikuspegitik hain sendo eta irmoak.. familiak eta eskolak eragin eskasa Ikerketaren zuzendariak azpimarratu duen beste elementu bat da gazte askorentzat euskara eta familia zutabeak direla euskararen erabileran baina, halaber, erabilera hori sostengatzeko ahalmen mugatua dutela. Izan ere, etxeko zein ikastetxeko atetik kanpo eragin eskasa dute familiak eta eskolak. Lehen gertatzen zen bezala, «ikusten da familiak ez duela ziurtatzen euskararen erabilera etxetik kanpo», azpimarratu du. Eta kontrakoa: familia ez euskaldunetan hazitako batzuek «euren tokia» bilatu dute, euskararen aldeko hautua egin dute. Eremu mugatu hori gazte kulturan nabari daiteke; hots, gazte gisa ezaugarritzen dituzten elementu horietan euskarak presentzia txikia dauka. Sare sozialak, ikus-entzunezkoak, musika, moda, kirola, kuadrilla, lokalak, diskotekak, jaiak… gazteen mundua betetzen duten praktikak dira, eta hor euskarak oso toki txikia dauka. Horregatik gazteen kulturak eta euskarak bat egin behar dutela azpimarratu dute ikerketan, erabilerak bidea izan behar duela gazte gisa agertzeko. Horrela gertatzen da gazteen artean erabilera handiagoa den tokietan. Gernikan, adibidez, gazteentzako erreferenteak diren zenbait gune daude, eta, horietan, «euskararen erabilera trinkoa» antzeman dute; Iparragirre elkartean, adibidez. «Bertan, musikak eta euskarak bat egiten dute eta kideen arteko harremanak euskaraz gauzatzen dira. Kasu horretan, musika eta euskara parez pare doaz gazte identitatearekin batera», azaldu dute ikerketan. Egileen iritziz, babesguneak behar dira hizkuntzaren inguruan, hizkuntzari buruz eta hizkuntzaren gainean aritzeko, eta ideia hori lantzen ari direla azaldu du Hernandezek. «Hor ere agertzen da beste elementu bat apurtu behar dena; naturalizazioaren ideia, nola belaunaldi gazteek oso barneratuta dauzkaten ideia jakin batzuk euskararekin lotuta daudenak, hiztun berriak direnentzat traba handia direnak», gaineratu du. Hiztun natiboaren ideologiari buruz ari da, traba ideologikotzat jotzen duena: «Gazteek orokorrean ikusten dute eremu askotan euskara naturala dela, euskaldunak direla herri euskaldunetakoak, eta hiztun berriak direnek bereziki ez dute irudikatzen beren burua euskaldun gisa. Hor muga ideologikoa dago, garatu behar dira estrategia berriak, ideia berriak, aurreiritzi edo garai bateko estereotipoak apurtzeko». Eta hortik dator babesguneen ideia. Bestalde, ikertzaileek azterlanean argi ikusi dute, beste ezeren gainetik, «gizarte egitura zabal eta sendo baten beharra, datozen belaunaldietan erabilera mantendu eta handitu nahi badugu. Ezagutzak ez du erabilera ekarriko egitura hori gabe, eskolatik kanpo gazteen euskararen erabilera sostengatuko duen egitura hori gabe». Euskaraldia eta «postureoa» Ikerketak beste ideia garrantzitsu bat utzi du mahai gainean: itxurakeria edo postureoa. Izan ere, gazteei Euskaraldia eta, adibidez, ikastolen inguruan antolatutako jaialdi edo ekimenak postureoari lotutako ariketak iruditzen zaizkie. «Alde batetik, ikusten duguna da nolabaiteko aitorpena, ekimena herriarekin oso lotuta dagoenean. Orokorrean beraiek bazekiten talde hauek egon zirela Euskaraldian, asko azpimarratu zen egindako lana, herriaren ikuspegitik baloratu dute jendearen konpromisoa. Kritikoago agertzen dira dimentsio makro horrekin», azaldu du. Hortaz, badirudi gazteek nolabaiteko mesfidantza dutela erakundeek bultzatzen dituzten ekimenekiko. Horrek, azterlanean ikertzaileek azpimarratzen dutenez, gazteen eta instituzioen arteko «urruntzea» dakar, eta askotan, «gazteek Euskaraldia bezalako ekimen batekin bat egitea zailtzen du». GAZTEEN PARTE HARTZEA Gazteen parte hartzea lortzeko inoiz izan ez dituzten zailtasunak izan dituztela nabarmendu dute Soziolinguistika Klusterreko ikertzaileek. Horrek txostena baldintzatu du denborari dagokionez, eta hurrengo ikerketei begira gogoeta egin behar dela azaldu dute.