GARA Euskal Herriko egunkaria
Erronka

Monte Perdidoko errekorra: Aritz Egearena izatenjarraitzen du tronuak

Abuztuan eginiko jardueran, urretxuar korrikalariak 4 ordu eta 24 minutuko denbora egin zuen 40 kilometroko ibilbidean. Raul Criado saiatu zen, baina errekorretik zortzi minutura geratu zen.


Monte Perdidoko errekorra pil-pilean izan da joan den udan. Guk dakigunez, bederen, bi korrikalari jardun dira denborarik onenaren bila. Eta, beste behin, euskal lasterkari bat izan da ohore hori eskuratu duena. Aritz Egea urretxuarra. Bada, abuztuan, Torla-Monte Perdido-Torla ibilbidean 4:24:29 denbora sinatu zuen. Marka hori ezarri du, gutxi gorabehera, 40 kilometro eta 2.300 metroko goranzko desnibela dituen ibilbidean.

Era horretan, lasai asko esan dezakegu, hirumilako enblematiko horretako errekorrak euskal kirolari baten sinadura izaten jarraitzen duela. Gogoratu behar dugu, duela zortzi urte, Txus Romon muskiztarrak markarik azkarrena ezarri zuela 4:46:54 denborarekin. 2006. urtean, berriz, Iker Karrerarena izan zen denborarik onena: 4 ordu eta 48 minutu.

Alabaina, urretxuar korrikalariaren marka “arriskuan” egon zen. Errekorra ezarri eta egun gutxira, Raul Criado saiatu zen. Oso indartsu iritsi zen saiakerara; izan ere, uztailean Midi d´Ossauko FKT azkarrena egin zuen: 1 ordu eta 53 minutu (ezagutzen den denborarik onena). Hala ere, Monte Perdidoko jardueran Canfranceko lasterkari gaztea ez zen fin ibili eta Egeak baino 8 minutu gehiago behar izan zituen. Criadok bigarren markarik azkarrena egin zuen.

«Zalantzak nituen»

Gipuzkoarra oso sasoiko iritsi zen Torlako hitzordura. Aitortu duenez, Kataluniako eta Andorrako Pirinioetan entrenatzen ibili zen: «Entrenamendu horiek dira gehien atsegin ditudanak. Denboraren eta espazioaren nozioa erabat ahantzi egiten dut; erabat disfrutatzen dut. Azken urteotan xede hori behin baino gehiagotan aztertu dut. Iaz saiatu behar nuen, baina eguraldi kaskarrengatik ez nuen ekinaldi hori egin. Aurten ez zegoen nire helburuen artean, baina erabakia hartu nuen. Mendian korrika egiten hasi nintzenetik, kristoren gogoa neukan erronka hori egiteko».

Egeak onartu du soilik une gogor bat igaro zuela; hain zuen ere, azken hiru kilometroetan. Errekor berria ezartzeko ere, zalantzak izan zituen: «Igoerarekin ez nintzen beldur. Hiru egun lehenago Monte Perdido igo nuen; gainera, eginiko denbora errekorraren barruan zegoen. Baina jaitsierarekin... Pozarren nago eginiko lanarekin; erabat ase nau. Gainera, nire izenak Monte Perdidoko “historian” lekutxoa egin du. Garai batean Txus Romonek eta Iker Karrerak egin zuten bezala».