Iker BIZKARGUENAGA

Trumpek famatu duen «mirarizko» botikak ez du covid-19a sendatzen

Miraria ikusi balu bezala azaldu zen Trump iragan asteazkenean hedabideen aurrean. Koronabirusak jota ospitaleratu eta bost egunera, pozarren adierazi zuen gaitzak bera kutsatzea «Jainkoaren bedeinkapena» izan zela. Zer dela eta? Gaixotasuna sendatzeko medikamentua ezagutu zuelako. «Sendabidea da», adierazi zuen, zalantza izpirik erakutsi gabe, eta herritar guztiek jasoko dutela iragarri zuen, «doan» gainera.

Prentsaurrekoan, Trumpek hamaika aldiz errepikatu zuen botika mirarigilearen izena: «Regeneron». Eta, jakina, haren atzean dagoen izen bereko enpresak ez du denbora galdu, eta Elikagaien eta Medikamentuen Agentziari behin-behineko baimena eskatu dio tratamendua herritarren artean banatzeko.

Izan ere, AEBetako presidenteak Walter Reed ospitale militarrean jaso zuen «antigorputz koktela» entsegu klinikoen fasean dago, eta oraindik ez du modu orokorrean erabilia izateko baimenik. Irailaren 29an emandako datuen arabera, covid-19a zeukaten 275 lagunek jaso dute REGN-COV2 izeneko koktela. Orain presidentea gehitu zaie.

Enpresak berak azaldu duenez, botika hori bi antigorputz monoklonalen konbinazioa da, eta espresuki diseinatuta dago SARS-CoV-2 birusak duen infekzio gaitasuna blokeatzeko. Covid-19a gainditu duten pertsonen plasma erabiliz egin dute –immunizazio pasiboa deitzen zaio, txertoek eragiten duten immunizazio aktibotik bereizteko– eta proba klinikoetan ateratako ondorioen arabera, gai izan daiteke gaixoek duten karga birala murrizteko eta sintomak pairatzen diren egunak gutxitzeko. Birusaren kontrako antigorputzak sortu ez dituzten pertsonentzat bereziki lagungarria omen da. Beraz, gaixoen egoera hobetzeko balio lezake, batez ere sintoma arinak dituztenena, baina REGN-COV2 ez da koronabirusaren sendabidea, ez du gaitza sendatzen. Oraindik ez da topatu covid-19a sendatuko duen botikarik. Kontua da hauteskunde giro honetan Trumpek sendagaia behar duela, eraginkorra eta merkea, txertoarekin izandako porrota ahatz dadin.

Txertoa agindu zuen

Izan ere, abuztuaren 27an, bere alderdikideen aurrean Etxe Zurian egindako ekitaldian, Trumpek covid-19aren aurkako txertoa AEBetara laster helduko zela iragarri zuen, eta hilabete hauetan ahaleginak egin ditu azaroaren 3ko hauteskundeak egin baino lehenago prest egon dadin.

Asmo horrek, ordea, haserrea eragin du hainbat zientzialari eta medikurengan, Trumpen presioek txertoa onartzeko lasterbideren bat ireki zezakeela pentsatu baitzuten. Polemika bizia izan da, eta testuinguru horretan, botika industriako enpresek agiria zabaldu dute, txertoa berme guztiekin eta segurtasuna hobetsiz egingo dutela adieraziz. Jende askoren iritziz, Trumpen presioei erantzuteko argitaratu dute mezua.

Ez du ematen hauteskundeen egunerako txertoa prest egongo denik, baina, ezustean, Trumpek beste helduleku bat topatu du kanpaina egiteko: Regeneron.

Enpresaren jabea eta presidentea aspaldiko ezagunak omen dira

Koronabirusak jota gaixotu zenetik, Donald Trumpek bere egoera baliatu nahi izan du kanpaina egiteko, eta Regeneroni egin dion propaganda ere hauteskunde dema horren testuinguruan kokatu behar da. Baina AEBetako presidenteak eta “antigorputz koktel” famatua egin duen enpresak bazituzten aurrez loturak. Izan ere, CNN Businessek adierazi duenez, Trump eta Regeneron enpresako sortzaile eta zuzendari Leonard Schleifer lagunak dira, eta azken hori presidenteak Westchesterren (New York) duen golf klubeko bazkide izan da.

Informazio horren harira, enpresak oharra kaleratu zuen, Trumpek eta Schleiferrek elkar ezagutu bai baina urte honetara arte «ohiko harremanik» ez dutela izan adierazteko. Aurten, ohar horren arabera, harremana estutu dute covid-19ari buruzko gaiak elkarren artean jorratu dituztelako.

Baina hori gutxi balitz, Trumpek Regeneron enpresako akzioak izan zituela gaineratu du telebista kate estatubatuarrak. Gaineratu zuten presidenteak Gilead Sciences enpresako akzioak ere izan zituela, hain zuzen, ospitalean zegoela eman zioten beste botika baten –Remdesivir– egilearena.

Akzio horiek Gobernu Etikaren Bulegoan 2017an aurkeztutako txostenean azaltzen ziren, baina aurtengo txostenean dagoeneko ez dira agertzen, CNNren informazioaren arabera. Hedabide horrek nabarmendu zuen, halaber, Regeneronek 450 milioi euro jaso dituela covid-19aren kontrako botikak eta txertoak lortzeko AEBko Gobernuak martxan jarri duen Warp Speed operazioan.I.B.