Floren Aoiz
@elomendia
JOPUNTUA

Espainiar errepublikazaleren bat aretoan?

Espainiar Monarkia gainbehera doa instituzio gisa. Gero eta arrakasta mugatuagoa du eliteen hezurmamitzean, eta gauza bera gertatzen da herritarrekiko atxikimendu ekoizpenean. Kontua ez da nolakoa zen Francok behatzaz izendatutakoa, hori gauza jakina zen; afera da erortzen utzi izana, eta hori ulertezina da eliteetako sektore batzuen babesik gabe. Zergatik egin duten jakitea zailagoa da. Semearen lana errazteko? Hala izatekotan, lortu dute ala eskuetatik joan zaie? Zauri zaharren mendekuak? Lehiaketa bortitzak sagarrean dagoeneko ar gehiegi daudelako? Ez dakit, baina espainiar telebistako cotilleo saioetan ere egurtzen dute Borboia gupidarik gabe, denetariko ustelkeriak eta krimenak leporatuta. Esaten ahal da aita kendu eta semea jartzeko operazioak ez duela nahi zutena lortzeko balio izan, baina, ziurrenik, gauzak konplexuagoak dira.

Pentsa zitekeen horrelako egoera batean espainiar errepublikaren aldekoak inoizko mobilizazio dinamika indartsuenean egongo liratekeela. Edozein manifestaziotara espainiar errepublikaren banderarekin doazen horiek kalean gora eta behera ibiliko zirela, atsedenik hartu gabe, matxinada prestatuz. Konspirazio errepublikazaleak ugalduko zirela, Estatuko alde batetik bestera, aspaldi desiratutako unea iritsita.

Ba, ez! Joan den astelehenean, urriak 12, Sortuk espainiar erregearen eta Kolonen estatuak lurrera bota zituen ekitaldi batean, Iruñean. Ustezko espainiar errepublikazale batzuk kezkatuta agertu dira, ekitaldi horren formak direla eta. Nola eginen dute espainiar errepublika erregearen irudia lurreratze hutsa gehiegizkoa iruditzen bazaie? Erregea sinbolikoki tronutik kentzea irensteko gai ez badira, zer egiteko prest daude beren errepublika hori lortzeko?

Nirea ez, baina jende askoren ametsa da beste espainiar errepublika bat. Alta, gaur egun ez dago horren aldeko ez egitasmorik, ez estrategiarik, ezta subjektu antolaturik ere, eta komeni da horretaz jabetzea.