Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Surf

«Afrosurf»: surfak Afrikan duen itzala argitaratzeko egitasmoa

Afrikako olatuetan surflari ilehoriak agertu ohi dira aldizkari eta filmetan, baina surfak badu historia propioa «kontinente beltzean». Bertako protagonisten bizipenekin eta argazkiekin osatuta, «Afrosurf» liburua mundu osora zabaltzeko egitasmoa martxan da.

«Bazen irudi bat etengabe ikusten genuena: gizon zuri salbatzailea olatuak hartzeko haur beltz bat bultzatzen; ados, ongi dago, baina hori ez da gure esperientzia», esan zuen Danielle Black Lyonsek, surf egiten duten neska afro-amerikarrei ikusgarritasuna emateko Testured Waves elkartearen sortzaileak. Kaliforniako Oceanside hondartzan surf egiten duen neska beltzaranak George Floyden heriotza salatzeko egin ziren itsasoratzeetako baten ostean egin zituen adierazpenok.

Joan den maiatzaren 25ean AEBetako Poliziak hil zuen George Floyden heriotzak kontzientzia pizte bat ekarri du munduko surflarien komunitatean, eta ordutik sortu diren egitasmoen artean dago “Afrosurf” liburua zabaltzeko proiektua.

Egitasmoaren sustatzaileen esanetan, «surflariak ilehoriak dira, azal zurikoak, begi-urdinak eta kaliforniarrak, hori da ohiko profila, hori da edonori ‘surflari’ hitza esan eta burura etortzen zaion lehen irudia, baina ez da irudi bakarra».

“Afrosurf” liburuak surfak Afrikan duen indarra esploratzen du eta hazten ari den kirol hau Afrikako kaleetan eta kultura orokorrean izaten ari den eragina aztertzen du. Modu horretan, orain arte itzalean izan den errealitate bat argitara ateratzen du, bertako surflarien bizipen eta irudien bitartez.

Maroko, Ghana, Senegal, Mozambike, Cabo Verde, Sao Tome, Boli Kosta, Hegoafrika, Somalia, Nigeria, Sierra Leona, Madagaskar... Afrika inguratzen duten Indiako Ozeanoak eta Atlantikoak urautsi andana eskaintzen dituzte eta egun edonon aurki daitezke bertako surflariak. Horrela, bertako protagonisten bitartez Afrikako surfaren izaera erakusten du liburuak, argazki, komiki eta artikuluekin lagunduta. Aitzitik, ez da kanpotik begiratuta egindako lan bat, protagonisten bizipen eta kontakizunek osatzen baitute liburuaren arima.

Masekelaren bultzada

Cathy Cowan idazleak idatzitako liburua zabaltzeko kanpaina bat martxan jarri du Sel Masekelak, afro-amerikarren eskubideen aldeko militante ezagunak. Izan ere, surflari kaliforniarra liburua diruztatu duen Mami Wata surf markaren fundatzailea da. «Ama ura» esan nahi duen marka Afrikako surf marka bakanetakoa da, eta diru bilketa kanpaina bat abiarazi du liburua ahalik eta gehien hedatzen lagundu nahi duen orok parte hartu ahal dezan. «‘Afrosurf’-ek Afrikako surfaren ikuspegia aldatzen lagunduko» duela dio Masekelak.

Sel Masekela, Hugh Masekela jazz tronpetista famatuaren semea, oso ezaguna da AEBetako surflarien komunitatean eta George Floyden heriotzaren ostean egin ziren itsasoratze jendetsuetan hainbat hitzaldi eman zituen. «Zuetako asko harritu egingo da, baina azal iluneko surflariok arazo asko izan ditugu komunitate honen baitan, batzuentzat zaila baita onartzea guk ere surfa eta ozeanoa beraiek adina maite dezakegula», adierazi zuen Masekelak Kaliforniako Moonlight hondartzan egin zen elkarretaratzean.

Surf taulekin itsasoratu aitzin egin zuen hitzaldietako batean, bere bizitzako aste gogorrena izan zela aitortu zuen, eta azal beltzeko surflaria izanda zer sentitzen den galdetzen diotenei honakoa erantzun zien: «Gustatuko litzaidake erantzutea inoiz ez dudala neure burua surflari beltz baten gisan ikusi».

Beste egitasmoak laguntzeko

Liburu salmentarekin aterako diren irabazien zati bat Waves for Change eta Surfers Not Street Children gobernuz kanpoko erakundeek sustatzen dituzten egitasmoak indartzeko erabiliko dela iragarri du Masekelak.

Waves for Change gobernuz kanpoko erakundeak bere aurkezpen orrian dioenez, «komunitate zailetan bizi diren gazteei laguntza eskaini eta osasun mentalerako zainketa zerbitzua eskaintzen die» .

Surfers Not Street erakundeak, ostera, Durbanen du egoitza nagusia, eta, batez ere, Hegoafrikan lan egiten du, baina azken urteetan Mozambikeko Tofo hondartzan ere eskaini ditu bere zerbitzuak. Etxerik gabeko haurren eskubideen defentsan lanean 25 urte daraman elkarte bateko azken adarra da Surfers Not Street elkartea.

Durbaneko elkartea 2012an sortu zen eta ordutik ehunka haur iragan dira bere «birgizarteratze» programatik. Hiru lan tresna nagusirekin lan egiten dute, «surfa, tutoretza eta zaintza psikologikoa».

Langileen artean psikologo profesionalak eta kaleko haur izandako jendea dago eta haien helburu nagusia «haurrek kaleak utzi eta independente eta autosufiziente izan daitezen bitartekoak eskaintzea da». Horretarako, lehenik Durbaneko kaleetan bizi diren edo kalean bizitzen amaitzeko arriskua duten haurrak identifikatzen dituzte eta gero horiekin lan egiten dute.