NOV. 01 2020 ALPINISMOA Bru Busom-ek trilogia ederra egin du Mont Blanc-eko ingurunean Joan den udan, alpinista katalanak Peuterey-ko Super Integrala sinatu zuen Ruben Sanmartinekin. Grandes Jorasses-eko iparraldeko horman «Manitua» bidea igo zuen Jaume Bassarekin. Eta ekialdeko horman, sokakide berarekin eta Kapirekin, «Groucho Marx». Andoni ARABAOLAZA Bru Busom gaztea da, baina erakutsi du, alpinismoaren esentzia oso ondo ezagutzeaz gain, oso sasoiko dagoela. Iaz, adibidez, Marc Toralles-ekin Denaliko “Slovak direct” bide gogorra eskalatu zuen. Aurten, berriz, Torallesekin berarekin eta Roger Cararach-ekin Perura joatekoa zen, iaz hasitako proiektu bat biribiltzeko. Pandemiak asmoa betetzea eragotzi die, ordea. Bere taldekideek bezala, Busomek ere uda beste modu batean antolatu behar izan du. Mendi gidaria da, eta hilabete pare bat Alpeetan egin ditu. GARAri adierazi dionez, beharra eta aisia uztartu behar izan ditu: «Pena izan da, baina ezin izan gara Perura joan. Azken unera arte izan dugu itxaropena, baina herrialde horrek mugak itxi zituen. Uztailaren bigarren hamabostaldirako Chamonixen nengoen. Eta onartu behar dut asko lan egin dudala. Alabaina, egun libreak ondo baino hobeto aprobetxatu nituen. Eguraldi ona lagun izan nuenez, hiru jarduera egiteko aukera izan nuen. Denera, astebete behar izan nuen hiru eskalada horiek egiteko». Guk trilogia deitu diogu; izan ere, hiru eskalada horiek oinarri bat izan dute: Mont Blanceko mendilerroa. Lortutako aurrenekoa Peuterey-ko Super Integrala izan zen. Uztailaren 25etik 28ra, Ruben Sanmartinekin, 1982. urtean Renato Cassarottok asmatutako jarduera hori egin zuen. Gogoratu behar da hainbat bide lotzen dituela: Aiguille Noire-ko “Ratti-Vitali”, Guillerminako “Boccalatte-Gervasutti” eta Freney-ko zutoin nagusia. Amaiera, jakina, Mont Blancen gailurra da. Hurbilketa bidea egun batean egin zuten, eta alderdi horretan dagoen marra luzeenetariko zein zorrotzenetarikoa hiru egunean biribildu zuten. Gainera, jarduera horrek lauzpabost errepikapen besterik ez ditu. Busomi, behinik behin, Sanmartinekin eginiko jarduera hori oso ederra iruditu zaio: «Bide horiek guztiak lotzea konbinazio bikaina da. Marra bakoitza solte hartzen baduzu, lasai asko esan dezaket eskalada zorrotza dela. Bada, hirurak lotzea... Freneyk, adibidez, sona handia du eta alpinista askok helburu dute. Bada, murru horretan bide hori eskalatu eta beste birekin lotzea itzela da. Gainera, oso estetikoa eta agerikoa iruditu zait. Oso gutxi egin da, baina uste dut gero eta gehiago errepikatuko dela. Zalantzarik gabe, gomendatuko nuke». Lerrootako protagonistak argi du eskalatu zituen bideek xarma berezia dutela. Horri azpimarra egin dio, baina baita Freneyn eginiko eskaladari ere: «Eguraldia ez zen batere egonkorra, eta aurreikuspenek zioten Mont Blanceko gailurrean ekaitza zela. Hori dela-eta, sekzio horretan azkar ibili ginen. Bide hori bukatu genuenean, goialdean haize bolada indartsuak zebiltzan, zutik mantentzea zaila zen eta lainoa zegoela-eta apenas ikusten genuen. Abentura ederra izan zen». Grandes Jorasses Goi mailako jarduera hau egin eta gero, Busom lanera itzuli zen, baina berriro beste tarte bat atera zuen bigarren xede gogor bati ekiteko. Sokakidea aldatu zuen; Jaume Bassa izan zuen alboan. Abuztua zen, eta bi alpinistok Grandes Jorassesera abiatu ziren. Laumilakoaren iparraldeko horman “Manitua” bidea zuten zain. Sona handiko marra horrek 1.100 metro ditu, eta luze gogorrena era askean 7c da. Busomek berak aurreratu duenez, marra horrek hiru zati ezberdin ditu: «Beheko eta goiko sekzioek ez dute erakargarritasun handirik; besteak beste, arrokaren kalitatea oso txarra delako. Gure kasuan, lehen 400 metroak soka gerrira lotu gabe eskalatu genituen. Geure helburua zati hori ahal zen azkarren gainditzea izan zen. Ondoren, erdiko murrua dago. Beste 400 metro, baina granitoa kalitate handikoa da. Lasai asko esan daiteke ‘Manitua’ Grandes Jorasseseko murru horretako udako bidea dela. Luze oso onak ditu, diedro politak eta eroria duen tarte batek ondo mugitzea eskatzen du. Amaierako sekzioa, bestalde, mistokoa da, eta den-dena puskatzen zen. Horrek, jakina, erritmoa moteltzea eskatzen dizu». Katalanek bi egun behar izan zituzten “Manitua” eskalatzeko, eta Busomek onartu du baldintzak ez zirela batere aproposak: «7a eta 7c zailtasunak dituzten luzeak oso bustita zeuden; bazirudien ur-jauzi baten azpian geundela. Abentura handiena handik ateratzea izan zen. 7c mailako luze hori ezin zen era askean eskalatu; halabeharrez, 6b+/c izango da. Azken luzeraino dena bustita zegoen, baina 7a, adibidez, A0-n gainditzeak ez zuen buruhausterik eragiten eta sekzio horretako beheko luzeek itsaskortasun ona zutenez, ondo eskalatzen ziren librean. Azken luzea plaka bat da, eta eroriko baten ondoren, iltze bat puskatu genuen. Hori aski ez, eta ezbehar horrek soka ia moztu zuen. Gauak harrapatu eta 6c mailako luzea (hau ere bustia) kopeta-argiarekin eskalatu genuen. Bai ala bai, handik atera behar genuen. Eta horretarako lan handia egin behar izan genuen. 7c hori era askean egiteko asmoa genuen baina, esan dudan bezala, oso baldintza kaskarrak zeuden. Grandes Jorasses-eko iparraldeko hormak hori du». Hirugarren eta azken jarduera Grandes Jorassesen bertan izan zen, baina ekialdeko aurpegian. Aukeratutako bidea: “Groucho Marx” (ED+, 7b, 800 m). Eskalada honetan, Busom eta Bassari Kapi batu zitzaien. Alpinista katalanak aurreratu digunez, “Manitua” eta “Groucho Marx” astebeteko epean eskalatu zituen: «Berriro ere eguraldi leiho on bat aprobetxatu genuen. Gaua Gervasutti izeneko bibakean igaro ondoren, biharamunean marra hori eskalatzeko gai izan ginen. Oso ederra da, leku basati batean dago eta arrokaren kalitatea bikaina da. Gainera, luze asko oso onak dira. Diedroak, artesi txikiak... Finean, kalitatezko eskalada izan zen. Ziur nago alderdi horretara itzuliko naizela, leku bakartia izateaz gain, proposamen oso erakargarriak daudelako». Nahiz eta udan Alpeetako ingurumari horretan lanean jardun duen, Busomek sasoi bikaina eta eraginkortasun itzela erakutsi du. Horren guztiaren gaineko balorazioa eskatu diogu: «Pozarren nago lortutako emaitzarekin. Zuk diozun bezala, lana eta aisia uztartu behar izan ditut. Eta erabaki guztiak ondo baino hobeto atera dira. Izaera bereko beste eskaladaren bat egiteko gogoa izan nuen, baina ez zen posible izan. Lanaz gain, familia dut, eta hori guztia uztartzea ez da oso erraza. Den-dena bikain atera zen, eta, beraz, aitzakiak bilatzeko arrazoirik ez dut. Primeran pasa dut!». Baina horri lotuta, azken galdera bat egin diogu: ez al duzu uste goi mailako hiru jarduera horiek oihartzun txikia izan dutela hedabide espezializatuetan? Honela erantzun digu: «Nahi dudalako egiten ditut, eta inori ez diot azalpenik eman behar. Nik, bederen, apaltasun guztiarekin jarduten dut. Niretzat hoberena sokakideekin ondo pasatzea da. Ez naiz sartzen kapitalak eskatzen dituen kontu horiekin guztiekin; ez naiz horren parte. Diruagatik edo tresneriagatik ez dut jarduera bat salduko». LUZE ETA ZORROTZA Ruben Sanmartinekin alderdi horretako ibilbide luzenetarikoa, Peuterey-ko Super Integrala, sinatu zuen. Lau eguneko jarduera izan zen. GRANDES JORASSES Iparraldeko horman, Jaume Bassarekin, «Manitua» bidea hezetasun handiko baldintzetan igo zuen. Ekialdeko horman, berriz, Bassa eta Kapirekin, «Groucho Marx» eskalatu zuen. BRU BUSOM Joan den udan, alpinista katalanak lana eta aisia uztartu zituen Mont Blanceko mendilerroan. Denera, goi mailako hiru eskalada egin zituen.