Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Koalak gogoan, ez dakit zergatik

Erlojuko ordua aldatu berri dugu, eskumuturrekoa, poltsikokoa edota hormakoa izan, baina erlojuan ordua aldatu. Eta hauxe kolpea! Egunak hogeita lauetan segitzen du! Horixe koxka gero! Normalkeria berri honetan ordu gehiago beharko luke egunak izan, bat gehiago sikiera bai. Kontuak atera, goizean altxa eta etxetik abiatu aurretik zamarreko poltsikoak betetzen lehen ez besteko denbora hartu behar duzu orain. Pentsa, zure lantokian langile zaren frogagiria, lanera joateko baimena, lanetik bueltatzeko baimena, baimena eskatua duzun egiaztagiria, balizko kontrol batean egiaztagiria erakusteko baimena, baimendua izan zaren baimena, baimenak poltsikoan eroateko baimena... eta hori guztia eukalipto-paperean! Total, zamarra bete paper atera etxetik!

Eta hori gutxi izan ez, eta, gainera, musukoa eta maskara! Eta bat baino gehiago, badaezpada, muki askoko eguna izan daiteke eta! Eta kreditu-txartela! Goiz erdiko ebakia ordaintzeko. Total, egunak dira ez dudala nortasun-agiria poltsikoratzen, leku falta! Baina honek ez dit ardura, nortasun arrotza denez hor ageria... Tira, harira! Non nengoen? A! bai! Zeelanda Berriko koalen kontuan, ezta?

Bai, aldaketak datoz mundura, bai, baina kasu honetan zeintzuk diren herriak ez daki. Gobernuak jakingo balu! Bestelako internazionala beharko aurrerantzean, orain artekoak balio ez. Baina horretarako guk ere nazio izan behar! Horretan dihardugu, batzuk behintzat horretara bilduta, kosta ahala kosta, eta barnealdean ere, likidoa ei den politika-mundu honetan bestelako oinarriak solidotu nahian. Bai, geroa ez da gaur iraganean uste genuen hura, gero berria behar dugu irudikatu, iraganeko inertzia udako ikastaroetarako utzita. Hortaz, «etxeratze agindua» esatean izan dadila espetxe arrotzak uzteko. Hogeita lau orduko egunak dira gureak, bestelako ametsaldiak barne...