EDITORIALA
EDITORIALA

AEBak, gidoi arriskutsuenari jarraika

Ez dago oraindik behin betiko emaitzarik AEBetan, eta oso posible da gaur ere oraindik ez egotea. Iristen direnean ere, ikusteko dago behin betikoak ote diren, Trumpek emaitzak auzitegietara eramatearekin mehatxu egin baitu. Hautagai errepublikanoak asteak pasa ditu hauteskunde iruzurraren narratiba prestatzen, eta atzoko emaitzak modu ezin hobean egokitzen dira bere gidoira. Bernie Sandersek emana zuen abisua lehendik: demokratek gehiago bozkatzen dute postaz, baina zenbaketa hautetsontziekin hasten da. Hortaz, estatubatuar asko Trump aurrean zela oheratu ziren astearte gauean, baina, esnatzerakoan, posta bidezko botoak zenbatu ahala, Bidenek buelta emana zien behin-behineko emaitzei. Hauteskunde iruzurrarekin bat dator gidoia.

Errealitateak dioena, ordea, oraindik garailerik ez dagoela da. Trumpek inkestek ziotena baino emaitza hobeak lortu dituela dirudi –beste behin–, baina Biden garaile izan daiteke posta bidezko botoari esker. Baliteke zenbaketa ez bukatzea bihar arte Pennsylvania bezalako estatu gakoetan, baina alde batera edo bestera joan garaipena, emaitzak lehia oso estu bat islatuko duela argi dago jada.

Ñabardura guztiekin, bitan erdibituta dagoen herrialde batean –Trump bai, Trump ez– espero zitekeen horrelako emaitzarik, baina horrek ez dio kentzen egoerari daukan larritasuna. AEBak harro egon dira beti beren sistema politikoak zituen kontrapisuez, alegia, presidente baten botereari mugak jartzen dizkioten erakundeez. Alderdi sistema zen bat, baina Trumpek aspaldi garaitu zuen alderdikideen kontraboterea. Errepublikanoak kontrolpean, botere legegilearen freno nagusiak ere saihesteko gai da, impeachment prozesuan ikusi zen bezala. Auzitegiak eta kaleak dira geratzen diren kontrapisu nagusiak oraintxe bertan, eta bi horietan joka daiteke hurrengo egun eta asteetan AEBen etorkizun hurbila. Goizegi da askoz gehiago esateko, baina lezio bat idatzita dago jada: autoritarismoari ematen zaion espazioa inoiz ez da erraz berreskuratzen.