Demokraziaren eta kirioen dantza
Zelako nerbioak asteon, benetan, nik ez dakit zenbat denbora iraun ahal izango dugun honela estresak kolektiboki eztanda egin barik. Dena ziurgabetasuna, zalantza, intriga; honen zantzuak hemendik, beste horren zurrumurruak handik. Hedabideak, gure arteko elkarrizketak, hipotesiak eta suposizioak, denak bor-bor, denok etengabe aldatzen dabilen gaurkotasunaren atzetik lasterketa zoroan!
Nazioartean, mundu osoa Ameriketako Estatu Batuei begira, jakin nahian nork demontre hartuko duen azkenean planetako herrialderik boteretsuenaren gidaritza, ikusi nahian bitan zatituriko biztanleriaren zein erdi gailenduko zaion besteari, tortilla berdin edo are su biziagoan gorritzen jarraituko duten batzuek ala tortillari buelta ematea lortuko duten besteek. Euskal Autonomia Erkidegoan, denok lehendakariari so, behingoz jakitearren konfinamendua ote datorren, edo, funtsean, zer-nolako bizimodua baimentzen zaigun. AEBen eta EAEren arteko espazio zabal-zabalean, denetariko albisteak eta gertakizunak, pandemia gorabehera, bizitzak aurrera jarraitzen duelako.
Halako batean, onerako, alderantziz izan balitz baino hoberako, behintzat: estatubatuarrek ez dute Trump presidente berretsi, hark onartu ala gerra txoroa egiten jarraitu, Etxe Zuria eta bertako politika demokrata (american way demokrata, hori bai) bilakatuko da, eta baliteke bai han bai haren eragina jasaten duen munduaren gainerakoan gauzak apur bat konpontzen hastea. Gainera, hango demokrazia hangotarrek hain goretsiaren historian lehen aldiz, emakume bat, eta afro-amerikarra, izango da presidenteordea, Kamala Harris, hain zuzen. XXI. mendean zulatu da, lehenbizikoz, pitin bat Etxe Zuriko sabai patriarkala, eta horrek ederki erakusten du munduko lehen potentziaren berdintasunarekiko ikuskera, moteltasun hori; espero dezagun, hala ere, orain artekoa baino borondate irmoagoarekin erabakiak hartzeko toki orotako sabaiak desagerraraztea, eta oraingo zulatzaileak salbuespen izan ez daitezen ere lan egitea, besteei laguntzea.
Badago itxaropenik, izan gaitezen baikorrak! Izan ere, ia aldi berean jakin dugu Urkulluk ez gaituela konfinatuko, jarrai dezakegula kalera irteten, ikasten, lan egiten eta dendetan kontsumitzen, hautaturiko sei lagun maite horiekin elkartzen, kulturaz nola edo hala gozatzen, aukera dugula oraindik Gabon sakratuak salbatzeko… eta, prezio bat beti ordaindu behar denez, ostalariak, langile horiek guztiak, baino ez dituela sakrifikatu. Gehiengoaren hobe beharrez, jakina, horretan baitatza demokrazia.