Maite Lopez de Arbina Labandibar
KOLABORAZIOA

Osakidetzari gutuna

Haurdun nago, eta orain arte egin dizkidaten bi ekografietan nire bikotekideari sartzen utzi ez izanaren inguruko hausnarketa eragitea eta hartutako neurriak aldatzeko eskaera argudiatua egitea da gutun honen helburua.

Bikotekidearen laguntza oso beharrezkoa da haurdunaldian zehar: haurdunaldian bikotekidearen inplikazioa ezinbestekoa da emakumearentzat, instituzionalki hori bultzatu beharra dagoela dioten ehunka ebidentzia daude. Hala ere, covid-19a dela eta, gauden egoeran gaudela, neurri batzuk hartu ditu Osakidetzak, horien artean, ekografietara emakumea bikotekiderik gabe sartzea.

Asmoa langile eta pazienteen arteko kontaktua murriztea den arren, hau izan da nire inguru hurbil eta urrunean behatu dudana: hiruhileko bakoitzean haurdunak Osakidetzako ekografietara joateaz gain, osasun klinika pribatuetara jo du, bikotekideak ekografiak ikus ditzan. Ondorioz, ekografia bat egitean dauden osasun langileen eta pazienteen arteko kontaktua, gutxitu beharrean, handitu egin da. Gainera, ondorioak bereziki haurdun dagoen emakumeak pairatu ditu, covid-19aren arrisku taldean egonda bikoiztu egin baita izan duen kontaktu kopurua. Bestalde, osasun langile eta pazienteen arteko kontaktuen handitze horrek osasun langileengan ere arriskua areagotzen du. Eta, honekin batera, osasunaren pribatizazioa bultzatzen du.

Horrez gain, ohartu naiz Osakidetzak hartutako beste egoeretarako neurriak ez direla haurdunaldiarekin hartutakoaren proportzio berekoak: esaterako, ingresatua dagoen paziente bakoitzeko hiru pertsona ezberdin sartzea dago baimendua, beti berdinak, eta aldiro bat. Hau da, gela bakoitzean bi gaixo, hortaz, aldiro lau pertsona ezberdin egon daitezke gela batean, gehi, behar denean, sartzen diren langile sanitarioak. Gaixoari konpainia egitea justifikatua dagoen modu berean, haurdun dagoen pertsonarekin 20-30 minutu irauten duen kontsultan bikotekidea sartzea ere zentzuduna dela uste dut.

Bestalde, kontaktua murriztea bada helburua, nire bigarren ekografian, beste ginekologo bat sartu zen kontsultan, ondoko gelakoa, artatu ninduen ginekologoa agurtzera; ez behin, bi bider baizik. Gauzak horrela, lau ginen gelan; erizain laguntzailea, bi ginekologo (berez bat egon behar zuenean) eta ni. Ezin ahal zen nire bikotekidea laugarren hori izan?

Laburbilduz, beharrezkoa iruditzen zait, batetik, neurri honen inguruko hausnarketa sakon bat eragitea; alegia, neurri honek ez ote digu mesede baino kalte gehiago eragiten, ez soilik covid-19aren kutsatze arriskuan, baita familien eta mundura datozen haurren egungo egoeran eta etorkizunean ere? Bigarrenik, baloratu beharko genuke ea erabakiak modu egokian hartu diren, edo, berriro ere, haurdunaldian bikotekideak duen inplikazioa bigarren maila batera jaitsi den.

Aipatutako guztiagatik, eskutitz honen bitartez covid-19a dela eta ezarri den neurria aldatzeko eskaria egiten dut, hau da, haurdun dagoen emakumea bere bikotekidearekin ekografietara sartzeko baimena berrezartzea. Gutun hau kontuan hartuko duzuelakoan, agur bero bat.