Paradigma greziarra
Egun bizi ditugun antsietate, depresio, ezin ulertu eta kezka orokortuek, Pascalek esango lukeen eran, ongi pentsatzen ikastera bultzatu behar gintuzkete. Baina agintari zein alde guztietatik ateratzen diren “adituen” logorrea etengabeak herritarra lasaitu ordez zainetan ematen du. Batzuek nahiz besteek ematen dituzten mezu kontraesankorrek anplifikagailu baten modura areagotu egiten dute herritarron ezinegona. Estresa eta nekea agerikoak dira. Antsiolitikoen gorakada dugu lekuko.
Tamalez, Foucaulten biopolitika metafora bat baino gehiago da. Kontseilu zientifiko-politiko batek erabakiko du nola biziko garen. Noiz aterako garen etxetik eta noiz sartuko. Zein eskubide dugun eta zein ez. Gabonak nolakoak izango diren. Hiper errealitatean edo «realitismo» batean bizi gara. Ez-festa etengabean. Erreala da bizi duguna, baina ez du ematen. Normaltasun berriaren pseudobizitza. Barometro eta grafikoen demokratikotasun diktatoriala. Jendearen ardura beti jomugan dela, ardura politikorik ez ordea. Eta jendarte patologizatu eta telegidatu honen aterabiderako esperantza bakarra txertoekin etorriko ei da. Horra tunelaren argia. Ez gaitezen kexa. Egiturazko arazorik ez balego bezala. Baina hori baino sakonagoa da, nik uste, egungo krisia. Ez da sanitarioa edo sozioekonomikoa soilik. Egungoa krisi existentziala ere bada. Isilean, su eztian, jendearen bizi-gogoa ahitzen duen krisia da.
Lehen konfinamenduan jendea bere buruaz beste egiten saiatu da serioski Frantzian, Michel Debout psikiatraren hitzetan. Alarma gorriak piztuak ditu langabeen, ikasle gazteen eta merkatari txikien sektoreetan. Etortzear den hondamendi psikosozial honen aurrean gobernu frantziarraren ardura eza oihukatzen du, baina bere oihartzuna baino ez du entzuten. Gerra handietako traumatismoez hitz egiten den bezala, covid-19aren ondoriozko traumatismoez hitz egingo dugula diosku Debout psikiatrak.