GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

Lagun dezagun Artsakh, aitor dezagun errepublikatzat


(Oharra: artikulu hau Armenia eta Azerbaijango errepubliken artean su-eten akordioa gauzatu baino lehen idatzita dago)

Gurea bezala, patu gaiztoko historia da Armeniako herriarena, mendeetan luzatzen dena. Inperio handiek inguratu izan dute: direla persiarrak, direla bizantziarrak, otomanoak zein errusiarrak. XIV. mendean estatu erakundeak galdu ondoren, XX. mendera iritsi arte itxaron beharko du berriro ere gutxieneko egitura estatalak berreskuratzeko. Armeniaren existentzia bera arriskuan ipini zuen Inperio Otomandarrak gidatu eta sustatutako genozidio izugarriaren ondoren, Armeniar Errepublika Independentea sortu zen (1918-1921), armeniar herriaren lurralde-eremu txiki bat hartzen zuena; horixe izan zen armeniar nazioak bere existentzia ziurtatzeko XX. mendean sortu ahal izan zuen lehen egitura.

Errusiako iraultzaren ondoren Sobietar Batasuneko Armeniar Errepublika Sozialista eratu zen, Georgia eta Azerbaijanekin batera. Baina, 1921ean, Karabakh Garaia deitzen den eskualde armeniarra –bertako biztanleen %90 armeniarrak ziren– Azerbaijaneko Errepublika Sozialistako eskualde autonomo (Oblast) bihurtu zuen Stalinek. Ereinda geratu zen orduan egungo gatazkaren hazia.

1980ko urteetan, Glasnost zein Perestroika garaian, Karabakh Garaiko Eskualde Autonomoko (Oblast) diputatuen gehiengo zabalak, batzarrean bilduta, Armeniako Errepublika Sozialistara itzultzeko borondatea aldarrikatuko zuen (110 boz alde eta 17 aurka); horren alde agertu ziren jende-oldeak kaleko manifestaldietan. Baina Azerbaijaneko autoritateen erantzuna errepresioa eta progromak izan ziren. 1991n Sobietar Batasuna erortzean Karabakh Garaiko herriak SESBko legediak jasotako autodeterminazio eskubidea gauzatu zuen erreferendum bidez, independentzia aldarrikatuz eta Artsakheko Errepublika sortuz. Esan beharra dago SESB osteko Azerbaijan independentea beranduago sortuko zela; eta, beraz, Karabakh Garaia bere lurralde gisa aldarrikatzeko legitimaziorik ez zuen izango. Armeniar Errepublika Sozialista zena ere errepublika independente bihurtu zen.

Azerbaijanek ez zuen Karabakh Garaiko independentzia onartu eta gerra piztu zen. 1994an su-etena sinatu zuten Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen Minskeko akordioen baitan, baina akordio horiek ez dute lurraldearen estatus behin betikoa argitu. Artsakheko lurraldea zein bertako herritarrak babesteko armeniar indarrek okupatutako eremuaren azken estatusa, batetik, eta gerrak sortutako errefuxiatu azerbaijandar zein armeniarren etorkizuna, bestetik, argitu gabe gelditu ziren, eta urte luzetan ez da konponbiderik aurkitu.

Hala ere, ordutik ona Artsakheko Errepublika de facto errepublika independentea izan da, bere erakunde publikoekin, alderdi desberdin eta hauteskundeekin, unibertsitate, armada, hezkuntza eta komunikabide pluralekin. Ehun eta berrogeita hamar mila biztanle dituen Artsakheko Errepublikak nolabaiteko bakean hazten ikusi ditu belaunaldi berriak, berriro ere aurtengo urriaren hasieran Azerbaijaneko indar armatuen erasoa jaso arte. Milaka dira hildakoak; eta erasoak jarraituz gero, Artsakheko armeniarren biziraupena bera dago zalantzan.

Euskaldunok ondo ezagutzen dugu geure izatea bera ezabatua izateko arriskua. 1936ko altxamendu frankistaren asmoetako bat gure izate nazional zein kulturala ezabatzea zen eta horren adibide nabarmena Gernikako bonbardaketa izan genuen; horretarako Alemania naziaren zein Italia faxistaren babesa eta laguntza izan zituen Francok. Gaur egun Artsakheko Errepublikako Stepanaker, Shushi eta bestelako hiriak bonbardaketa indiskriminatuak pairatzen ari dira, biktima zibilak tarteko. Francok eduki zuen bezala, Azerbaijanek ere badu kanpoko laguntzailerik: Turkiako erregimen neo-otomandarra. Eta orduan Euskal Herriari gertatu zitzaion bezala, Europako estatuek beste aldera begiratzen dute, Turkiarekiko appeasament politika okerraren bidetik, neutraltasun gezurrezkoa aitzakia hartuta erasotzaileak eta erasoa jasan dutenak parekatuz.

Euskaldunok ezer gutxi egin dezakegu joko geopolitiko horien aurrean, ez baitugu ez ahotsik ez indarrik. Hala ere, gure herriaren historia oinarri, eta Armeniako herriarekiko eta kulturarekiko beti izan dugun harreman afektiboaren baitan, Artsakheko Errepublikak duen bizitzeko eskubidearen alde egitean, historiaren alde egokian jartzen garela uste dugu, eta geure buruaren alde ere egiten dugula.

Artsakheko Errepublikak eta bertako biztanleek bakean eta askatasunean bizitzeko eskubide osoa dute. Euskaldunok ezin dugu isilik egon Artsakheko armeniarren biziraupena bera arriskuan dagoen une honetan. Horretarako lehen pausoa, Artsakh Herriaren izatea bera onartzea da. Horregatik, txikiak izanik ere, euskal erakundeok errepublika independentetzat aitortu beharko lukete Artsakh, eta beren ahotsa altxatu Artsakheko armeniarrak suntsitu nahi dituztenen aurrean. Babes ditzagun Artsakheko armeniarrak. Aitor dezagun Artsakh errepublika gisa. Bidezkoa da, batik bat Artsakhen izatea bera arriskuan dagoen une honetan.

*Sinatzaileak: Lorea Agirre, Paulo Agirrebaltzategi, Xabier Alkorta, Rikardo Arrue, Txema Auzmendi, Joani Azurmendi, Joxe Azurmendi, Maria Jose Azurmendi, Miren Egaña, Jon Etxabe, Arantxa Etxezurieta, Joseba Intxausti, Paulo Iztueta, Joan Mari Larrarte, Juan Larraz, Aizpea Leizaola, Fermin Leizaola, Uxue Leizaola, Iñaki Olaizola, Martxelo Otamendi, Joxemari Sors, Imanol Urbieta, Patxi Uribarren, Juren Urkiza eta Pello Zabala. Asociación Hayasa 1915 Armeniar Diaspora Elkartearen izenean, Artavazd Minasov, Helene Handalian eta Papyan Vahe. Association Agur Armenieren izenean, Manuel Dikran Deirmendjian eta Lucie Houbouyan.