EDITORIALA
EDITORIALA

Txertoaren aurrean, itxaropena eta zuhurtzia

Udan Salvador Illa Espainiako osasun ministroak txertoa urte amaierarako izango genuela iragarri zuen, Oxfordeko ekimenak zituen aukerei helduz. Argi dago ez dela hala izango. Pfizer eta Biontech enpresen proiektuaren emaitza onak ezagutu ostean, Illak harri berarekin estropezu egin zuen atzo berriz, udaberrirako 10 milioi txerto aginduz. Fake news direlakoen kontra kexatzen dira, baina maisuak dira errealitateari iskin egiten. Argi esan behar da: inork ez daki udaberrirako txertorik egongo den.

Ezin da jendearen itxaropenarekin horrela jolastu. Pfizer-ena berri ona da, jakina, baina zuhurtziaz hartu behar da. Lehenik eta behin, enpresa interesatuak egindako iragarkia delako, eta inork ez dituelako oraindik emaitza horiek berrikusi. Ez dira behin betikoak. Eta bigarrenik, merkatuak nola funtzionatzen duen ikusita, antzua eta arriskutsua dirudielako itxita ez dagoen akordio bat aldarrikatzea. Hemen, Illa Europar Batzordearen korronteari jarraitzera mugatu da, 2021ean Bruselak 300 milioi txerto erosiko dituela iragarri baitzuen atzo. Enpresek urtean 1.300 milioi ekoitziko dituztela esan dute. Alegia, Europar Batasunean munduko biztanleen %6 baino ez dira bizi, baina Bruselak 2021eko txertoen %22 eskuratu nahi du. Ez dirudi oso bidezkoa munduko gainerako biztanleentzat.

Arlo ekonomikotik ikusita ere kirtenkeria dirudi arrautza guztiak lehen txertoaren saskian sartzea. Pfizer eta Biontech-en iragarkiaren albiste onena ez da beraien txertoak funtzionatzen duela, baizik eta erabilitako teknikak –motzean, RNAren bidez Spike proteina ekoiztea– funtzionatu dezakeela. Bidean dauden beste txerto-proiektu askok teknika bera darabilte. Hortaz, pentsa daiteke txerto eraginkor desberdinak egongo direla. Merkatu librean mugitzea beste aukerarik ez badago, egin dezatela behintzat ganoraz. Bitartean, ez dezatela oraindik existitzen ez denaren gaineko promesik egin, egoera ez baita erlaxatu eta txertoaren zain bertan goxo geratzeko modukoa.