I. B.
BILBO

Egoeraren berri izan arren Gorlizen neurririk hartu ez izana salatu du LABek

Bizkaian egoera pandemikoa larria bada, Gorlizeko Ospitalean azken egunetan jazotakoak alarmak piztu ditu, bertan artatzen ari diren hamarnaka gaixok eta beste horrenbeste langilek covid-19an positibo eman baitute. Ospitaleak bisitak murriztu eta neurriak hartu ditu birusa gehiago hedatu ez dadin, baina, atzo LABek adierazi zuenez, bertan egun bizi den egoera «orain dela aste batzuk salatu genuenaren emaitza baino ez da».

Sindikatuak azaldu zuenez, Gorlizko Ospitalearen ezaugarriak direla eta, logelek lau paziente dituzte, eta beren patologiengatik ezin dute maskara eraman edo ez dute eraman behar. «Paziente bakoitzak –agertu zuen LABek ohar batean– bisita bat jasotzen zuen, eta, beraz, une askotan zortzi pertsona elkartu dira espazio txiki eta gaizki aireztatu batean».

Urriaren hasieran, LABek Laneko Osasun Zerbitzuari eta Ospitaleko Prebentzio Medikuntzari egoera horren berri eman zien, eta profesionalak pazienteak «maskara kirurgiko batekin bakarrik» artatzen ari zirela azaldu zien. Erantzuna, «pazienteak osasuntsuak» zirela eta «maskara kirurgikoa nahikoa babes» zela izan zen, sindikatuak atzo salatu zuenez. «Tamalez, denborak arrazoia eman digu eta gaur egun 40 langile eta 30 paziente inguru kutsatuta daude», nabarmendu zuen.

LABen ustez, «langileentzako babes nahiko jarri izan balira eta bisiten gaineko kontrola apur bat handiagoa izan balitz, egoera hori saihestu egin zitekeen».

Greba Osakidetzan

Testuinguru honetan, Osakidetzako langileek beste greba egun bat daukate gaur, Bizkaian, osasun zentroetan bizi duten egoera gaitzesteko eta Lakuako Gobernuak haiekiko duen jarrera salatzeko. Aurreko asteetan greba egin zuten Arabako eta Gipuzkoako langileek, eta atzo lurralde horietan elkarretaratzeak izan ziren gaurko deialdiari babesa eta bultzada emateko.

Hedabideetara igorritako idatzi batean, Satse ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta Utese sindikatuek Osakidetzako langileak pairatzen ari diren egoera «larria» dela azaldu zuten, eta udaberriko itxialdiaren ondoren Gobernuak birusaren agerpen berriei aurre egiteko «plangintza egokirik» egin ez duela eta «baliabide nahikorik» jarri ez duela kritikatu zuten. Ondorioz, lan karga eta presioa gero eta handiagoa dela adierazi zuten, eta langileek jardunaldiak luzatu, lan txandak bikoiztu eta atsedenaldiei uko egin behar izan dietela gaineratu.