GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA - ACB LIGA

GBC eta Bilbao Basket, jaitsiera postuei iheska


ACB Ligako euskal taldeek igande betea biziko dute. Hasteko, TD Systems Baskoniak eta Acunsa Gipuzkoa Basketek 12.30ean partidak izango dituzte: Obradoiroren aurka etxean gasteiztarrek eta Unicajaren kantxan gipuzkoarrek. 20.00etan, RETAbet Bilbao Basketek Sito Alonsoren UCAM Murtziaren bisita jasoko du Bilbao Arenan.

Garaipen banarekin baino ez daudela, egoera ezerosoa bizi dute GBCk eta Bilbao Basketek. Uneotan bi euskal taldeok jaitsierako postuetan daude.

Unicajaren kantxan irabaztea zer den badaki Gipuzkoa Basketek, baina gaurkoa ez da partida erraza izango Marcelo Nicolaren gizonentzat. «Kanpoko lerro gogorra du Unicajak, eta, uneren batean markagailua haustea lortuko balu, eusteko gai izan behar dugu», adierazi du asteon Marcelo Nicolak berak.

Uztaipean abantailarik izan lezake GBCk. Echenique pibota berreskuratu du, Betisen aurka jokatu ezinik geratu ostean. Hori bai, Magarity hegal-pibota galdu du Marcelo Nicolak, sorbaldako arazo baten erruz.

Arerio bereziak

Bilbao Basketek Zyskowski gabe jokatu beharko du gaur UCAM Murtziaren aurka. Alabaina, Goran Huskic taldean izango du Alex Mumbruk, nahiz eta serbiarra, San Pablo Burgosek utzi berri, ahul ei dagoen covid-19aren jipoia pasa ondoren.

Murtziak 89-84 galdu du asteon Burgosen, baina 20-40 aurretik ibili zen. Ondorioz, ez harritu Mumbruren hitzokin: «Kopa zein play-offak jokatzeko maila duen arerioa izango dugu».

Baskoniak izan lezake aurkaririk errazena. Birutis gabe eta Enochen zalantzekin dator Obradoiro. Gasteiztarren kasuan, beren irregulartasuna dute areriorik gogorrena. «Badugu garaia 40 minutu maila altuan jokatzen hasteko», gogorarazi du asteon Dusko Ivanovicek.