Edu Marinek Montserraten itxi du goi mailako zirkulua
Armand Ballartek 1979. urtean era artifizialean sortutako «Arco Iris» bideari puntu gorria jarri dio 35 urteko eskalatzaile katalanak. Oso arriskutsua izateaz gain, zailtasun tekniko handiak ditu. Sei luzeetatik lau zortzigarren mailakoak dira. Marraren giltza 8c+ da.
Edu Marinek eskaladan izan duen progresioa itzela da. Berez, kirol eskaladan egin zituen lehen urratsak. Eta gazte askok bezala, lehietan buru-belarri jardun zuen. Bai arrokan baita lehiaketetan ere arrakasta izan du. Baina, urteen poderioz, eskalatzaile katalanak erabaki sendoa hartu zuen. Hormatzarretara zuzendu zituen jarduera nagusiak, eta denborak aurrera egin ahala argi utzi du trantsizio horretan bikain moldatu dela.
Hormatzarretan lortu dituen emaitzei begiratzen badiegu, lasai asko esan dezakegu egungo espezialista sasoikoenetarikoa dela. Zerrenda luzea eta bikaina du: “Pan Aroma” (8c/+, Lavaredo), “Orbayu” (8c, Picu Urriellu), “WoGü” (8c, Ratikon), “Mora Mora (8c, Tsaranoro)... Eta zalantzarik gabe, guztien artean izarra: “Valhalla (9a+, Txina).
Joan den urriaren 9an, berriz, etxeko hormatzarretan, Montserraten, “Arco Iris” bideari puntu gorria jarri zion katalanak. Berez, 200 metro luze den marra hori German Folch eta Armand Ballartek era artifizialean zabaldu zuten. 1979. urtea zen. 41 urte geroago, Marinek luze guztiak ala guztiak era askean igotzea lortu du. Denera, sei luze dira: 6a, 6c, 8b+, 8c+, 8b eta 8a+. Irakurri bezala, zailtasunean oso bide iraunkorra da; izan ere, lau luze zortzigarren mailakoak dira. Eta giltza: 8c+. Beraz, protagonista honek egin duen proposamena munduko gogorrenetarikoen artean kokatzen da.
Oso bide gogorra izateaz gain, aurreratu behar dugu eskalatzaile katalanak oso parabolt gutxi jarri zituela. Eta, beraz, arrisku handiko jarduera izan da: «Zalantzarik gabe, borroka psikologikoa ikaragarria izan da. Heldulekuak txikiak dira eta mugimendu handietan murgiltzen zara, erorikoak 15 metrokoak direlarik. Prozesu horretan interesgarriena zera izan da: azken segurua 12 metrora izan eta ahalik eta erosoen eskalatzen saiatzea».
Marinek Montserrat oso kutuna du. Bertan hasi zen eskalatzen eta bere lehenbiziko 7a, “Ultrabox”, bertan kateatu zuen. Nahiz eta mundu zabalean ibili den, Montserrat beti izan du buruan. Bide luzeei dagokienez, duela lau urte “Tarrago Plus” (8c, 240 m) era librean igo zuen. Paret de Diableseko Platan sektorean dago; hain zuzen ere, “Arco Iris” bezala: «Bide honi puntu gorria jartzeak erabat asetzen nau. Munduko sabai handienean ‘Valhalla’ bidearen proiektua biribiltzea berezia izan zen oso. Baina “Arco Iris” ez da atzean geratzen, niretzat oso berezia delako. Montserraten hazi nintzen, eta horregatik pozarren nago jarduera hau egiteagatik. Hain justu, ‘Tarrago Plus’ askatu nuenean, ‘Arco Iris’ burura etorri zitzaidan. Biak elkarren ondoan daude, hori bai, ‘Arco Iris’ murruaren barnealdean kokatuta dago, arrokaren kalitatea ez da hain ona eta puskatuago dago. Zailtasun teknikoei dagokienez ere, ‘Arco Iris’ zailagoa da. Horregatik esaten dut ‘Tarrago Plus’, nolabait, ‘Arco Iris’-en ahizpa txikia dela».
Zigilu berezia
Marinek bidea era askean kateatu ahal izateko, ohiko prozedura eraman behar izan zuen aurrera. Lehenik eta behin, Ballarti baimena eskatu zion paraboltak jartzeko. Baiezkoa jaso ondoren, ekinaldiekin hasi zen: «Berez, probatzen iaz hasi nintzen. Baina beste proiektu batzuk nituen tartean, eta pixka bat atzeratzea erabaki nuen. Gainera, ez nekien luze guztiak askatzeko gai izango ote nintzen. Zalantza ugari izan nituen. Xede handia zela banekien, eta, Txinatik bueltan, ‘Arco Iris’-i paraboltak jarri nizkion; motibatzeko lehen urratsa izan zen. Aipatu behar dut ere bidearen amaierako metroak berriak direla. Ballartek zabaldutako azken luzea zeharkaldi bat da. Baina nire uste apalean, marra horrek zuzen jarraitu behar du; hau da, eskalatzen ari zaren espoloitik. Berez, Platanera eramaten zaituen luze bat da. Azken luze hori 20 metro luze da, eta 8a+ maila eransten dio».
“Arco Iris” bidean bizi izan duen prozesuak urtebeteko lana eskatu dio Marini. Iazko udararen amaieran hasi zen benetako saioak egiten. Pixkaka-pixkaka, luze bakoitza askatzen joan zen, eta, adibidez, gai izan zen 8b+ zailtasuna duen hirugarren luzea era librean eskalatzeko. Luze hori gainditu ondoren, laugarrenarekin buru-belarri hasi zen. Bidearen giltza da: 8c+. Baina oso gogorra zela ohartu ondoren, jarritako helburua lasaiago hartzea erabaki zuen.
Aurten berriro itzuli eta zintzilik utzitako lanei ekin zien Marinek. Azken ekinaldi horietan, tartean bideari puntu gorria jarri zion egunean, aita izan zuen sokakide: «Sasoiko nengoen, baina ‘Arco Iris’-ek duen izaerak buruari asko eskatzen dio. Kontuan hartu behar da 10-15 metroko balizko erorikoak dituzula, eta horrek edonor izutzen du: bai eskalatzen ari dena bai aseguratzen ari dena ere. Aitortu behar dut kosta egin zaidala sokakideak aurkitzea. Batzuk-batzuk nire alboan izan dira; besteak beste, aita. Proiektu hau biribiltzea gertu ikusi nuenean, aitarekin jo eta su jardun nuen. Azken hiru asteetan, pare bat egun eskalatu eta beste bat atseden hartzen genuen. Iazko udaratik, saio garrantzitsuenetan behetik hasten nintzen. Horri esker, bide osoa egunean kateatzeko behar nuen erresistentzia lortu nuen. ‘D egunean’, eguerdi partean hasi nintzen eskalatzen, eta arratsaldeko seietan Plataneko gailurrean ginen. Bide batez aipatu behar dut azken egunak gogorrak izan zirela, besteak beste, Montserrateko ipar isurian hotz egiten zuelako».
Bidearen giltzari dagokionez, Marinek aurreratu du irtengune batera heltzeko lehenik eta behin sabai bat gainditu behar dela. Irtengune hori “Arco Iris”-en zatirik gogorrena da: «Zailtasuna bat-batean hasten da, intentsitate handiarekin. Erori handia duen sekzio horretan atseden hartzeko lekurik ez duzu. Laugarren luzean patata baten pareko makina bat helduleku txiki eta erregeleta daude. Aitortu behar dut Montserraten izaera horretako sekziorik ez dudala inoiz aurkitu. Eskuarki, hango eskalada fina eta teknikoa da. ‘Arco Iris’-ek, aldiz, indarra, erresistentzia eta mugimendu luzeak uztartzen ditu. Luze horri 8c+ maila eman diot. Nahiz eta oso sasoi onean nagoen, giltza hori askatzea kosta egin zitzaidan. Normalean, 8c+ zailtasuneko bide bat egunean egin dezaket. Horregatik diot 8c+ dela; oso gogorra, alegia».
Irakurri bezala, “Arco Iris”-ek zailtasunean iraunkorrak diren luze gogorrak ditu; batez ere, bidearen giltza. Horri, jakina, marrak duen berezko arriskua gehitu behar zaio. Protagonistak paraboltak jarri zituen, baina oso gutxi: «Laugarren luze horretan, adibidez, buruarekin borroka handia izan nuen. 25 metro horietan soilik lau parabolt jarri nituen, eta balizko erorikoak 15 metrokoak dira. Horrek, jakina, konfort egoeratik ateratzera behartzen zaitu. Baina, era berean, ezaugarri horiek ‘Arco Iris’-i nortasun berezia ematen diote. Marra zabaldu zenean, parabolt piloa jarri zizkioten. Nik ez ditut erabili, eta, gainera, uste dut egun ez liratekeela eroriko bat jasateko gai. Uste dut zigilu berezia duela, eta hurrengo errepikatzaileek hori guztia kontuan hartu beharko lukete».