LIBURU AURRERAPENA>

POLITEIA

Idazkera eta liburu molde bat, iluntasunari eta lozorroari kendutako izkribuz osatua, ixtera dator Joseba Sarrionandia. «Gauzak direna balira», hauxe «Habanako gaukaria»-ren (Pamiela) hirugarren emaitza. «Bizitzea ez al da oso arriskutsua?» izan zen lehenengoa, «Airea ez da debalde» bigarrena. «Politeia» pasartearen aurrerapena, lerrootan.

Greziako demokrazian aurkitzen dira Mendebaldeko kultura politikoaren erreferentzia antzinakoenak. Ordukoa da demokraziaren promesa hain entzutetsua, ez orduan ez gero ere guztiz konplitu ezin izan dena.

Atenaseko gizon libreak ziren polis edo “hiri”-ko polites edo “hiritar”-ak; horiek bakarrik biltzen ziren agora edo “plazan”, ekklesia edo “batzarrean” arazoak erabakitzera. Ezin zuten parte hartu ez emakumeek, ez esklaboek, ez libertoek, ez metekoek: demokrazia oso partziala zen, beraz. “Demokrazia” hitza, bestalde, ez zuten hainbeste erabiltzen. Demokraziaren kontrakoek erabiltzen zuten, hitz ezain lez: Platonentzat edo Aristotelesentzat, Tuzididesentzat edo Jenofonterentzat kontzeptu itsusia zen. Demokraziazaleek beste berba edo balio konkretuago batzuk aipatzen zituzten: isonomia, isegoria, isomoiria eta isotimia.

Isonomia, isos “berdin” eta nomos “lege” hitzez osatua, “legekidetasuna” edo “legearekiko eskubide berdintasuna” zen. Herodoto Halikarnasokoaren Historietan leitzen da hitza ere edertzen zuen asmoa:

«Herriaren agintaritzak, ordea, lehenik eta behin, denetan izenik ederrena du, isonomia…»

Monarkiaren arbitrariotasunaren kontra, Otanasek defenditzen zuenez, argi idatzia eta publikoa izan behar zen legea, berbera denentzat. Hiritar askeen berdintasunean oinarritzen da erabakimen kolektiboa.

Isegoriak esan nahi zuen hiritarren biltzarrean hitz egiteko eskubide berbera zutela hiritar guztiek. Bakoitzaren iritzia beste iritzien pare entzun zitekeen, eta ez lau urtean behin, baizik eta erabakiak hartzeko edozein momentutan. “Adierazpen askatasuna” baino askoz erradikalagoa da ideia hori; eman dezagun Jeronimo indioak William Randolph Hearstek bezainbesteko “adierazpen ahalmena” izateko eskubidea zuela.

Isomoiria, borroka are gehiagoren motiboa zen, esan nahi baitzuen lurra hiritarren artean ondo banatuta egon behar zela. Ondasunen banaketa igualitarioa erreibindikatzen zuten demokraziazaleek, berdintasunak demokrazia berma zezakeelakoan. Desoreka ekonomikoek, berriz, timokrazia sortzen omen zuten. Erradikalenek uste zuten inor lurraz jabetzea, besteak desjabetuz, lapurreta zela. Oligarkiarentzat, ostera, isomoiriaren ideia bera ere arriskutsua eta izugarria zen.

Isotimia da, baina, Atenasko demokraziako arau erradikalena eta gaur egun ahaztuena. Kargu publikoa izateko edozein hiritarren eskubide berdintasuna errespetatzen zen, modurik igualitarioenean, zozketa bidez. Ordezkariak zori hutsak hautatzeak kentzen zituen era guztietako hierarkiak, sektarismoak eta adiskidekeriak. Lege erabakiak ekklesia edo “batzarrean” hartzen baziren ere, epaileak eta halako beste kargu exekutibo batzuk aukeratzen ziren. Kargu gehienak urtebeterako izaten ziren, berriro hautatua izateko aukerarik gabe, eta bizitza osoan birritan baino ezin zen kargurik bete. Txandakatze horri esker, ia hiritar guztiek izaten zuten noizbait kargu politikoren bat. Oker eginez gero gauzak, batzarrari eman behar zizkioten kontuak. Politikari kasta profesionalak sortu beharrean, hiritar guztiak izan zitezkeen politikariak.

Isonomia, isegoria, isomoiria eta isotimia gehiago edo gutxiago izan zitekeen gizartearen antolaketan. Demokrazia gehiago ala gutxiago. Eta horiek dira oraindino, iruditzen zait, demokraziaren hitzarmen sekula betegabearen terminoak. Platonen “Errepublika” edo haren dizipulu Aristotelesen “Politika” irakurtzen duena konturatuko da gutxiago zela gehiago baino. Aristotelesek gizartearen ikuspegi oso hierarkikoa du, batzuek gobernatu eta beste batzuek obeditu behar dutela uste du. Halaxe direla berez gauzak: gizon librea esklaboaren edo emakumearen gainetik naturaz eginda datorrela. Eta agintzen duenak jakin behar duela agintzen, baina obeditu behar duenak men egin behar duela, jabearen eta morroiaren interesa berbera delako funtsean: harreman hierarkiko horrek ondo funtzionatzea. Naturak ere erakusten omen du gorputzez ere bakoitza bere zereginerako dagoela eginda, esklaboa giharrez gogorra, lana egiteko, eta emakumea erakargarria eta burmuinez ez hain hornitua, gozatua izateaz gainera lana fin egiteko.

Gobernu eredurik onena, Aristotelesentzat, monarkia da, batek eta berak agintzea, hiriko hoberenak alegia. Monarkaren okertzea tirania litzateke, baina hori beste kontu bat da. Gobernu mota egokia litzateke baita aristokrazia ere, gutxi batzuek gobernatzea, hoberenek, noski. Susmatzekoa da hori oligarkia edo aberatsen gobernu bihur daitekeela, eta hori ez litzateke hain ona. Hirugarren gobernu mota demokrazia da, gehiengoak gobernatzea, batez ere gizon libre pobreek, alegia. Demokrazia badaezpadakoa da eta demagogian galtzen omen da beti. Azkenean, Aristotelesek onirizten dion errepublika bitarikoa da: erdi oligarkikoa erdi demagogikoa, aberatsak eta pobreak elkar osa dezaten edo neutralizatu. Hiritar batzuen artean banatuta egongo lirateke lur-soroak era batean edo bestean, eta esklaboek egingo lituzkete lanak, eta emakumeek, etxeko beharrak. Gizon libreak zoriontsu biziko lirateke horrela, aisialdian, gizarte orekatu baketsuan.

Isonomia, isegoria, isomoiria eta isotimia. Demokraziaren hitzarmen sekula definitu ezinaren eta egundo betegabearen terminoak.