Maider Eizmendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Hormak

Aspaldian galdu nion pista, baina urtero Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna gerturatu eta haren aitzakian antolatzen diren ekimenak entzutearekin batera oroitzen dut. Bera izan zen, modu kontzientean behintzat, indarkeria matxistarekin izan nuen lehen kontaktua, zuzena eta krudela. Nire logelatik entzuten nuen emakume hark bizi zuen infernuaren zarata, eta behin baino gehiagotan leiho eta pertsianak itxi nituen, min egiten ziolako, min egiten zidalako. Emakumeari laguntzeko ahaleginak egin zirela badakit, baina orduan ez ginen besteen etxeetako horma artean sartzen, haiek zeharkatzeko gai ziren kexuak entzunagatik. Pribatutasunaren ulerkera anker hark eraso askoren konplize egin gintuen; biktimaren oihuek eta albokoen isiltasunak erasotzailea hauspotzen zutelako. Eta hark adeitsu agurtzen gintuen kalean, deseroso sentitu gabe. Ahaleginduagatik nekez estali zitezkeen biharamuneko ubelduak ziren gertatutakoaren gordinaren irudia; biktimaren lotsa, gure ezinegona.

Tamainako erasoak ezagututa, kosta zitzaigun agerikoak ez diren kolpeak identifikatzen, baina berandu baino lehen hartu behar izan genuen beldurraren kontzientzia eta konturatu ginen kaleak ez zirela askeak guztiontzat, gure gorputzak bazirela plazererako bidea, baina beldur eman ahal zigutela; maitatzen irakatsi ziguten eta ikasi genuen moduak zaurgarriago egiten gintuela. Eta ulertuta, hasi ginen beldurrari aurre egiten, bakarka eta taldean.

Bide asko egin da, baina oraindik ere gurutzatu nahi ez diren hormak badira. Norberak munduarekiko jartzen dituenak lehenak; etxeko, lantegietako, ikastetxeetako... paretak ondoren. Berriz ere pribatutasunaren eta intimitatearen ulerkera aldrebestua aitzakia. Adituek ohartarazi dute, konfinamenduak eta egun bizi ditugun murriztapenek indarkeria matxista jasateko arriskua areagotzen dutela, besteak beste, isolatuago bizi garelako eta laguntza eskatzeko zailtasun handiagoak ditugulako. Hormak lodituagatik, zirrikituak zabaldu behar dira, pertsianak igo, leihoak zabaldu, kalean eta etxean gertatzen den horri erreparatu.