Maite UBIRIA BEAUMONT
URRUÑA
BIZIARTEKO ZIGORRA JASO ZUEN PRESO BAT KARTZELATIK ATERA DA

30 urte eta 8 hilabeteren buruan Senperera itzuli da Haranburu

1990eko apirilaren 4-5ean Polizia frantsesak 16 bat herritar atzeman zituen Ipar Euskal Herrian; horien artean ETAren «Argala» komandoko hiru kide zeuden: Jakes Esnal, Ion Kepa Parot eta Frederic Xistor Haranburu. 30 urte eta 8 hilabete gatibu eman ondoren, azken hau Senperera itzuli da, atzo goizean Lannemezango espetxea gibelean utzita.

Lannemezan (Lanamesa okzitarieraz) eta Senpere artean 196 kilometroko tartea dago. Bi oren eskas behar dira Lapurdiko herria eta euskal preso kopuru handiena biltzen duen frantses presondegiaren artean dagoen distantzia autoz egiteko.

Hamahiru euskal herritar ziren bertan orain arte. Dozena bat dira atzoz geroztik, hamarkada luzea Lannemezanen giltzapeturik eman ostean atzo karrika berriz zapaldu baitzuen Frederic Xistor Haranburuk.

Sorterrira itzultzeko bidaia askoz luzeagoa egin behar izan du senpertarrak; zehazki, 30 urte eta 8 hilabeteko kartzelaldia egin baitu. Zigorra etxean betetzeko baimena jaso ondoren 18 hilabete barru baldintzapeko askatasuna eskuratuko du.

Anartean, Xistor Haranburuk baldintza zorrotzak bete beharko ditu. Hala, eskumuturreko elektronikoa eramanen du eta, ondorioz, ezin izango du etxetik noiznahi atera.

Hala ere, kartzelan azken bisitetako bat egitera joan zitzaion lagun batek «urduri, baina biziki kontent» atzeman zuen.

Atzo 08.30 aitzin, bere senideen lehen harrera jaso ondoren, etxerako bidea hartu zuen 66 urteko gizonak. Kartzela ibilbidea luze bezain gogorra atzean utzita etapa berri bat irekiko da Xistor&bs; Haranburu eta bere familiarentzat.

Halere, bidea ez da samurra izanen. Zortzi urteko segurtasun epea errespetatu beharko du oraindik ere, hiru hamarkada atzerago ezarri zioten biziarteko kartzela zigorra amaitutzat eman arte. 1997an Parisko Dei Auzitegiak aldarrikatu zuen sententziaren arabera, Haranburuk 2008tik lor zezakeen baldintzapeko askatasuna.

Iragan urriaren 27an, bere hirugarren eskaera onartu zuen epaileak, nahiz eta fiskalak, aurrenekoak bezala, hori ere errefusatzea eskatu. Euskal Delegazioak atzo plazaratu zuen agirian adierazi zuenez, lehen aldia da Dei Auzitegiak halako deliberoa hartzen duena. Erabakiak Jakes Esnal eta Ion Kepa Paroten egoeran eragin duen esperantza agertu zuen Jean-Rene Etchegaray buru duen taldeak.

«Sinetsi nahi dugu erabakiak 2011tik Euskal Herrian abiatua den bake prozesuarekiko ikuspegiaren aldaketa adierazten duela», azaldu zuen delegazioak, bere engaiamendua berretsiz.

«Sufrimendu guzien gainetik berradiskidetzea posible izanen dela» espero du. «Europa Mendebaldeko azken gatazka armatuak» utzi dituen biktimekiko «pentsamendu berezi bat» adieraziz amaitu zuen bere agiria.