NOV. 29 2020 PILOTA Arteagak bigarrenez jantzi du Promozioko txapela Lehen tantoetan dezente sufritu arren, bigarren erdian nabarmen nagusitu da lasartearra. Asier AIESTARAN ELORDI 12 ARTEAGA II.A 22 Axier Arteagak irabazi du berriz Promozio Mailako Buruz Buruko Txapelketa, Tolosako Beotibar pilotalekuan atzo jokatu zen finalean Aitor Elordi 12-22 menderatu ondoren. Lehiaketa hori irabazten duen bigarren aldia da lasartearrarentzat, orain hiru urte ere txapeldun irten baitzen finalean Joanes Bakaikoari 22-18 irabazita. Atzokoan errazago lortu zuen garaipena, eta emaitza ere argiagoa izan zen bere alde. Nahiz eta hasierako tantoetan Elordik asko estutu zuen, bigarren zatian jaun eta jabe izan zen gipuzkoarra, aurkariak ere opari asko egin zizkiolako, egiari zor. Finalaren hasiera gero etorriko zenaren adibide izan zen: Aitor Elordiri egokitu zitzaion lehen sakea, baina pasa egin zuen eta Arteaga aurreratu zen markagailuan. Lasartearra 1-4 hasi zen agintzen, baina laugarren tanto hori ere nahiko tamalgarria izan zen: nabarmen barruan zen pilota bat txartzat eman zion epaileak Elordiri, mallabitarraren haserrerako. Haserrea ongi bideratu zuen, ordea, hurrengo tantoetan bizkaitarrak, eta jokoan nagusitzen hasi zen. Bolearekin min handia egin zuen –lau horma-biko ikusgarri egin zituen airez, esaterako– eta apurka-apurka tartea irekitzea lortu zuen (10-6). Elordik Egigurenen aurkako finalerdian erakutsitako joko onari segida eman zion tanto horietan: pilota ongi atzeratu, defentsan lan ona egin... Arteaga une txarrak pasatzen ari zen, bere buruarekin amorratuta, baina Elordik behera botatako dejada batek sakea eman zion eta hortik aurrera neurketa zeharo aldatu zen. Lasartearrak sekulako sarraskia egin zuen sakearekin –10-6tik 10-17ra joan zen zuzenean, tartean lehen jokaldiarekin lau tanto eginda– eta Elordiri oso zaila jarri zitzaion finala. Desesperazio puntu batekin huts inozoak ere egin zituen bizkaitarrak une horietan. Saiatu zen Jokin Etxaniz bere pilotaria lasaitzen eta berriz ere partidan sartzen, baina Arteagak ez zuen aukera galdu eta azkar itxi zuen neurketa: sakez egindako bere bosgarren tantoak igoarazi zuen azken 12-22koa Beotibarreko markagailura eta irabazlearen emozio denak irten ziren kanpora bat-batean. Aulkian esertzearekin batera negarretan lehertu zen gipuzkoarra. «Bi urte pasa ditut pilotan sufritzen, baina azkenaldian sentsazio hobeak ditut eta txapel honek asko esan nahi du niretzat», onartu zuen Axier Arteagak, garaipena Ane bere arrebari eskainiz, pilotaria hura ere. Lau eta Erdia, Binakakoa... Hitzorduz beteta datoz datozen egunak pilota munduan, eta asteburu honetan ere Buruz Buruko Txapelketaz aparte izan dira hainbat neurketa aipagarri. Ostiral gauean Bergaran, esaterako, Ioritz Zubizarretak 14-22 menderatu zuen Joanes Bakaikoa Lau eta Erdiko Txapelketari begira Baikok antolatutako aurrekanporaketan. Ataundarrak indartsu dagoela erakutsi zuen eta merezita sartuko da lehiaketan parte hartzeko Baikok hautatutako sei pilotarien artean. Binakako finalerdiei begira, berriz, Bergaran Ezkurdiak eta Martijak jokatu zuten: 22-16 irabazi zuten Artola (bere berragerpenean) eta Imazen aurka. Atzo Tolosan, Agirrek eta Albisuk 15-22 galdu zuten Peio Etxeberria eta Zabaletaren aurka. Sakearekin eta errematean asmatu behar Jokin ETXANIZ Aspeko kirol arduraduna Finalerdietatik, Jokin Altunarena da txapela lortzeko faboritoen artean denon ahotan egon den izena. Finalari begira, gainera, aurretik ere txapeldun izana da. Erik Jakarentzat, aldiz, lehen finala izango da eta horrek zenbait zalantza sortzen ditu, ez baitakigu urduritasuna kontrolatzen asmatzeko gai izango den. Hori bai, nik uste orain arte erakutsi duela konpromisoko partidetan moldatzen dela. Gainera, kontuan izan behar da oso momentu onean heltzen dela, konfiantzarekin. Arerio oso zaila izango da, eta, irabazi nahi badu, gauzak oso ondo egin beharko ditu Jokinek. Final nahiko gogorra ikusten dut. Txapelketan zehar egindakoari erreparatuta, egia da Jokinek erregistro gehiago erakutsi dituela, batez ere finalerdietako partidan: jokoz aldatu eta botera jokatzeko ahalmena ere baduela erakutsi zuen. Gauza desberdinak egiteko modua duela eta oso konpletoa dela. Orain, gainera, eskuinarekin asko gozatzen ari da eta, Jokinen eskuinak, fresko dagoenean, min handia egiten dio edonori. Bestalde, egia da oro har Erikek modu bakarra duela jokatzeko. Baina nik uste denetik egitea tokatu zaiola eta defendatzea egokitu zaionean ere ondo defendatu duela; botera ere ondo luzatu du pilota eta ondo gozatu du. Egia da lehen partidan asko sufritu zuela. Urduritasuna, lehen partida izatea, aspaldi buruz buru jokatu gabea izatea... nabaritu zuen, baina aurrera egitea lortu zuen eta beste bi partidetan denetik egin du. Ondo gainera: eskuinarekin altura hartu eta gozatu du, bera ere pilotari konpletoa dela uste dut. Final batean edozer gerta daitekeela ere egia da, baina buruz buru beti esaten dugun bezala, oso garrantzitsua izango da sakearekin asmatzea. Lehen pilotakadarekin piloteoaren agintea hartzen duenak, tantoa bukatzeko asko izango du aurreratua. Biak dira oso onak tantoak amaitzen, airez ere ondo defendatzen dute eta nik uste partidaren ehuneko handi bat sakean eta hortik abiatuta batak edo besteak egin ditzakeen takadetan egon daitekeela. Baina hori teoria baino ez da, horrelako partida batean mila detaile txiki izan baitaitezke, are gehiago parean tokatu zaigun egoera arraro honetan.