Jon ORMAZABAL
LAU ETA ERDIKO TXAPELKETAREN AURKEZPENA

Enpresako botileroak izatea posible izango da kaiolako partidetan

Ez pilotariek nahi luketen bezala, baina orain bi urte hartutako erabakian atzera egin, eta kirolariak aholkulari bat izan ahalko du ondoan larunbatetik aurrera, buruz buru, kasu honetan kaiolan, jokatuko dituen partida guztietan.

Larunbatean Azkoitian hasiko den Lau eta Erdiko txapelketak berrikuntza nabarmen bat izango du: pilotariak hala nahiko balu, botilero bat izango du txapelketako partida guztietan, aurkaria enpresa berekoa edo desberdinekoa izan. Gauzak horrela, orain bi urte hartutako erabakian pauso bat atzera emango lukete enpresek, nahiz eta arau berri honek baduen “baina” handi bat, laguntzaile horrek enpresako teknikari edo kirolari bat izan beharko baitu nahitaez.

Pilotarien artean, Iñaki Artola izan zen atzoko aurkezpenean argien mintzatu zenetako bat. «Berri ona da, baina batzuen iritziz erdizkakoa, nahiko genuelako edozein, gure konfiantzazko pertsona bat, izan ahal izatea. Lehen gertatzen zen, lehen kanporaketa honetan esaterako, enpresa desberdinen arteko lehia jokatu behar zuenak enpresako teknikari bat eduki ahal izatea eta besteek ez. Desoreka hori ikusten zen eta honekin hori behintzat berdindu da eta laguntza da. Behin jarri edo kendu erabakitzerakoan, nik uste hobe dela jartzekotan erabat jarri edo kentzekotan erabat kentzea, lehengo erdizkako modu hori baino», azaldu zuen.

Osterantzean, gainerako txapelketa guztiak bezala, bizi dugun egoera nahasi honi egokitutako Lau eta Erdikoa izango da 2020ko hau. Gauzak horrela, egutegira moldatu eta Buruz Burukoan egin bezala –lehiaketa sistema bera erabiliko dute–, txapelketa oso azkarra izango da aurtengoa, azken urteetan izandako ligaxka alboratuz. Aro modernoko lehen edizioan, 2001ekoan, jokatu zen azken aldiz ligaxkarik gabeko kaiolakoa; 2011ra arte finalerdietan eta azken urteetan final-laurdenetan jokatu da. Aurten, egutegiak behartuta, partida guztiak izango dira hil ala bizikoak; hau da, ez dago huts egiteko inolako marjinarik eta honek ezustekoei ateak irekitzen dizkie, azken asteetan kantxa osoan ikusi den bezala.

Ez da agendak behartutako aldaketa bakarra, hiru pilotarik –Ezkurdia txapeldunak, Urrutikoetxeak eta Asier Agirrek– datozen egunetan bi txapelketa, –Binakakoa eta Lau eta Erdikoa– uztartu beharko baitituzte oso egun gutxitan, moldatzeko eta entrenatzeko modurik gabe.

Asier Agirrerena da kasurik muturrenekoa; izan ere, Arrotxapekoak Binakako finalerdia jokatu behar du etzi, Jon Ander Albisurekin, Ezkurdia-Martijaren aurka, eta igandean Lau eta Erdiko partida du iragarrita, Peio Etxeberriaren aurka Eibarko Astelenan. Binakako finalera –abenduaren 8an jokatuko da– heltzea lortuko balu, kaiolako partida ostegunean, hilak 10, jokatuko luke, eta Jaka izango luke zain handik bi edo hiru egunera, kaiolakoan ere aurrera egitea lortuz gero. «Momentu honetan buruan daukadana ostiraleko partida da, azkenean partida oso garrantzitsua da bai Jon Anderrentzat bai niretzat eta gero ikusiko da, emaitzen arabera, noiz jokatu beharko dudan Lau eta Erdikoa. Zenbat eta beranduago izan, orduan eta hobeto», azaldu zuen nafarrak.

Baikoren erabakiz, Mikel Urrutikoetxeak beteko du berez Unai Lasori zegokion zerrendaburu postua –Zaratamokoak ezin izan zuen lehiaketan parte hartu lesio batetik osatu gabe zegoelako– eta honek denbora pixka bat gehiago emango dio hurrengo asteko Binakako finala prestatzeko, nahiz eta bertan Aimarren atzelari jokatu beharko duen.

Joseba Ezkurdiak ere final- laurdenetan ekingo dio bere kaiolako hirugarren txapela eskuratzeko borrokari, ahal dela lau egunetan bi Binakako partida jokatu eta beste garaikur bat jasota, Martijaren laguntzarekin. Altunaren aurkako kanporatzea ahaztuta, gogotsu dago Arbizukoa. «Buruz Burukorako fisikoki ondo entrenatu izana ondo egoten da binaka aritzeko. Urtea ondo amaitu nahiko genuke, sentsazio onekin, txapelaren borroka horretan egonez, ea lortzen dugun. Aste gogorrak pasa ditut, baina adorez ikusten dut neure burua, gaur ilusioarekin etorri naiz aurkezpen honetara, jakinda aurretik egun zailak ditugula, egun arraroak, Binakako finalerdia, gero entrenatu gabe Lau eta Erdikoari ekin behar eta urtea doan bezala, amaiera ere arraroa, baina ilusio handiarekin», azaldu zuen.

Printzipioz, ateak itxita

Erakunde desberdinetako ordezkariek bestelakorik baimendu ezean, pilota enpresetako arduradunen asmoa partidak ateak itxita jokatzen jarraitzea da, baita abenduaren 27an Bilbon iragarrita dagoen finala ere. Azken bi urteetan Lau eta Erdiko finala Iruñeko Nafarroa Arenan jokatu bada ere, Buruz Burukoan bezala, partidak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pilotalekuetan jokatuko dira. Nafarroan jokatzeko aukera ez omen dute aztertu ere egin eta ETB izango da, hein handi batean, berarentzat egokienak diren pilotalekuak aukeratuz, partiden egoitzak aukeratuko dituena.

Pilotariei dagokienez, bere 18. parte-hartzea izango duen Oinatz Bengoetxea –txapel bat eta 55 partida ditu jokatuta– eta Iñaki Artola izango dira Baikon iaztik errepikatzen duten bakarrak eta Iraitz Zubizarreta eta Jon Ander Peñarena –iazko Promozioko txapelduna– lirateke aurpegi erabat berri bakarrak, Asier Agirre eta Mikel Urrutikoetxea lehendik ere ibiliak direlako lehen mailako kaiolan. Aspen, segida emango diote azken urteetan horren emaitza onak eman dizkien pilotari multzoari. Azken Buruz Burukoarekin alderatuta, Peio Etxeberria horren manomanista ona egin duen Darioren ordez, da aldaketa bakarra.

Txapelketa larunbat honetan hasiko da, Azkoitian, Bilbon atzo egindako zozketak hala erabakita, Artola/Peña eta Elezkano/ Zubizarreta kanporaketekin eta igandean beste bi partida jokatuko lirateke, baldin eta Agirrek Binakako finalerako txartela eskuratuko ez balu. Agirre/Peio Etxeberria eta Buruz Buruko bi txapeldun gurutzatuko dituen Bengoetxea VI.a eta Iker Irribarriaren artekoa.