Giza kate argitsua Baionan, «tunel amaierako argi izpia» irudikatzeko
Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasuna onartua izan ostean, abenduaren 19ko desobedientzia ekintza bertan behera uztea erabaki zuten, baina mobilizazio berri bat antolatu dute Bake Bideak eta Bakegileek. Baionan izango da, urtarrilaren 9an; «giza kate argitsu» batekin Genie zubia eta herriko etxea batuko dituzte. Gobernu frantsesaren urratsei «adi» jarraituko dietela eta «irtenbideak integrala» izan behar duela nabarmendu zuten antolatzaileek.
«Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasunarekin, 2020. urtea itxaropen-izpi batekin bukatzen» dela aitortu zuten arren, oraindik «presoen auzia behin betiko konpontzera jo behar» dela uste dute Bake Bideak eta Bakegileek. Ondorioz, abenduaren 19rako iragarria zuten desobedientzia zibileko ekimena bertan behera uztea erabaki bazuten ere, mobilizatzen jarraitu beharra dagoela ikusten dute eta urtarrilaren 9rako Baionan antolatu duten «giza kate argitsuan» parte hartzeko deia egin zuten Lapurdiko hiriburuan egindako agerraldian.
Horrez gain, “Argitu Plazak” izeneko kultura ekimena ere izango da abenduaren 26an Ipar Euskal Herrian, herrietatik abituko dena, baina ekintza honen inguruko xehetasunak datozen egunetan emango dituzte.
Mobilizazio horiekin guztiekin «tunelaren bukaeran argi izpi bat» badela irudikatu nahi dute Orain Presoak dinamikako antolatzaileek, eta horretarako 2.000 pertsonaren laguntza behar dutela jakinarazi zuten. Horrela, urtarrilaren 9an arratsaldeko 17.30ean egingo den giza katean Errobi ibaiaren ertzean lerrokatuko dira manifestariak, eta Genie zubia eta herriko etxea lotuko dituzte.
Bake Bidea «adi»
Anaiz Funosas, Bake Bideako lehendakaria, azken gertakarien inguruan mintzatu zen. Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasunaren inguruan honakoa esan zuen: «Positiboki baloratzen dugu; hemen urteetan garatu den bidearen lehen fruitu emankorrena izan da, herri mobilizazioaren garaipen indartsuena. Horregatik, keinu gisa deliberatu dugu bertan behera uztea abenduaren 19rako aurreikusia genuen desobedientzia ekintza, blokeoari erantzun behar ziona, baina adi egongo gara, zeren ez dugu onartuko Xistorren kasua salbuespena izatea».
Desobedientzia ekintza hori bertan behera uzteko arrazoia egungo testuinguruan ere kokatu zuen Funosasek: «Ekintza desobedientea bertan behera uzteak ez du esan nahi etxean geratuko garenik; mobilizazioekin jarraituko dugu. Unean uneko testuingurura egokitzen ditugu gure mobilizazioak. Hemen ez da aldaketarik, bidea berbera da; hau da, jendarte zibila erdigunean, aktibo gisa, Euskal Delegazioari eta Parisi laguntza ematen, irekitako lan esparruak bururaino garatu daitezen».
Atzo bete ziren hiru urte Emmanuel Macron frantziar presidenteari «bake prozesuan aitzina egin behar zela esateko» 10.000 pertsona Parisen mobilizatu zirenetik. Funosasek oroitu zuenez, Orain Presoak dinamika egun hartan abiatu zen. Ordutik egindako urratsak ere nabarmendu zituen Bake Bideako lehendakariak, baina hau ohartarazi zuen: «Orain etapa berri batean gara, aterabide integrala eman behar diogu auzi honi».