EDITORIALA
EDITORIALA

Oihanaren legea nazioarteko legedi

Atzo Euskal Herrian, beste behin, Sahararekin elkartasuna eta samurtasuna ikusgarri egin zen. Euskal Herriarekin ahaidetutako herria da, askatasunaren kausa partekatua dugu, autodeterminazioaren behar eta eskaera bera. Atzoko manifestazioak testuinguru berri batean eman ziren. 45 urte marokoar okupazio militarraren pean egoteari eta nazioarteko erakundeek duela 30 urte hitzemandako independentzia erreferendumaren zain izateari «aski da» esan ondoren, su-etena hautsita, gerra hotsak nagusitzen ari baitira. Eta bereziki, saharar herria trukerako txanpon hartuta, munduko potentzia handienak, bere presidente Donald Trumpen hitzetan, tuitetan hobe, Sahararen gaineko Marokoren subiranotasuna aitortu duelako Rabatek Israel eta palestinarrekin egiten duena onartzeko.

Nazio Batuen arabera, Sahararena deskolonizazio auzi bat da. Nola behartu, baina, estatu bat nazioarteko agindua betetzera? Multilateralismoaren muga guztiak hor erakusten dira. Duela 45 urte, balantza hain desorekatua ez zegoenean, sahararren alde lepoa jokatu zuen estaturik egon bazen, zaila dirudi bere aliatu historikoek, Aljeriak, Errusiak edo Hegoafrikak, orain egitea. Gogorra da esatea, latza, baina nazioarteko komunitatean sahararrak bakartuago daude, abandonatuago. Marokorekin indar militarrean ez dago alderaketarik egiterik, ezta indar diplomatikoan ere. Zoritxarrez, sahararren askatasun kausa auzi humanitario hutsera mugatzen ari da.

AEBek Sahararen lurretan Marokoren subiranotasuna aitortzeak askoz errazago egiten du Israelek Zisjordanian berdina egitea, neurri bera erabiliz, ia koherentziazko urrats. Okupazio eta kolono israeldarren auzian nola egingo da presio, Marokoren okupazio militarra munduan zilegitu bada? Palestinarrekin eta sahararrekin, nagusikeria militarra baliatuz, inpunitatearen erregimena ezarriz, lurralde bat anexionatzea nazioartean balioztatzen ari da, oihanaren legea nazioarteko legedi bihurtuz.