Maddi TXINTXURRETA
KALAMUAREN ONURA MEDIKOAK ETA NBE

MARIHUANA NBE-REN ZERRENDA BELTZETIK AT, BAINA BEGIZ JOTA

NBEko Estupefazienteen Batzordeak erabaki zuen marihuana 1961eko Drogei buruzko Konbentzioko zerrenda zigortzaileenetik kentzea. Hala, erakundeak lehen aldiz onartu ditu kalamuaren onura medikoak eta nazioarteko merkatura salto egin du.

Kalamua, marihuana edo cannabisa da munduan gehien kontsumitzen den legez kanpoko droga, baita milioika pertsonaren diru-sarrera ere. Herrialde gehienetan, kalamuaren kontsumoa eta salmenta NBEren drogen inguruko konbentzioek finkatutako legezko mugen artean zedarritzen da, eta muga horiek erantzun zigortzailea ezarri izan diote marihuanaren kontsumo, merkataritza eta ekoizpenari. Orain gutxi arte.

2019ko urtarrilean, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) Nazio Batuen Erakundeari (NBE) gomendatu zion kalamua droga arriskutsuenen zerrendatik kendu eta beste era batera fiskalizatzeko. 1961ean Estupefazienteei buruzko Konbentzio Bakarra egin zenetik, NBEko Estupefazienteen Batzordeak kalamua droga multzoetako kategoria murriztaileenean sailkatu du, «balio medikorik gabeko edo oso balio mugatuko substantzia oso arriskutsuei» dagokien IV. multzoan, heroinarekin eta bestelako opioide arriskutsu eta mendekotasun-sortzaileekin batera.

Hala, NBEko Estupefazienteen Batzordeak (53 estatu kide ditu) OMEren gomendioak entzun eta kalamuaren eta haren eratorrien sailkapena moldatzeari buruzko bozketa egin zuen. Bada, orain hiru aste, Europar Batasuneko ia estatu guztiek –Hungariak izan ezik– eta Amerikako askok aldeko botoa eman zuten aldaketa onartzeko behar den gehiengoa lortzeko. Asiako eta Afrikako herrialde askoren kontrako botoa jaso arren, NBEk erabaki zuen marihuana eta haren erretxina “zerrenda beltzetik” erauztea eta, ondorioz, lehenengo aldiz landare horren onura medikoak onartu dira ofizialki, nahiz eta nazioarteko araudian aisialdi-kontsumoak debekatuta jarraituko duen.

Era berean, kalamua I. zerrendan mantentzea proposatu zuen erakundeak. Zerrenda horretako estupefazienteak, kontrolatuta jarraitzen duten arren, jarduera medikoetarako irisgarriak dira; dena den, multzo hori NBEren sailkapeneko zigortzaileenetako bat da. Bertan daude morfina, heroina edo kalamua, nahiz eta OMEren azterketak erakutsi duen kalamuak ez duela «I. zerrendan sartu diren gainerako droga gehienek duten arrisku-maila bera».

Gainera, nazioarte mailan kalamua eta beste substantzia batzuei buruzko ikerketen dibulgazioa lantzen duen Transnational Institute-ren (TNI) iritziz, OMEk babesten duen argudioa, marihuanaren mundu mailako kontsumo altuari dagokiona, ez da nahikoa berau I. zerrendan mantentzeko.

Estatuak NBE baino azkarrago

Cannabisaren mundu mailako erreforma politikoaren aurrean gaudela dirudi, baina berria izan arren ez da berritzailea, mundu osoko elkarte ugariren aspaldiko aldarrikapenei atzerapenez erantzun dielako; gainera, estatu ugarik aurrea hartua zien NBEren araudiari: 2012ko azaroan, AEBetako Colorado eta Washington estatuek herri-botoa emateko ekimen batzuk onartu zituzten, helburu ez medikoekin kalamuaren laborantza, banaketa eta kontsumoa zergapetu eta arautzeko. Urtebete geroago, Uruguaik kalamuaren barne-merkatuaren kate osoa arautzeko legeak egin zituen medikuntza, ekoizpen eta aisialdi helburuekin. 2020aren hasieran, berriz, 30 herrialdek baino gehiagok esparru juridikoren bat garatu dute marihuana medizinala legez erabiltzeko, TNI erakundearen arabera.

Erakunde horrek salatu du NBEk cannabisaren kategorizaziorako nahiz fiskalizaziorako erabili izan dituen irizpideak, batez ere, «ideologia kultural eta politikoetan» oinarritzen direla; ez, ordea, substantzia batek izan ditzakeen kalteak erakusten dituzten ikerketa zientifikoetan. Frogatu da, gainera, kalamuak osasunean eta gizartean eragindako kalteak gaur egun kategoria berean agertzen diren beste droga batzuenak (kokaina, heroina) nahiz tabakoa eta alkohola bezalako substantzia arautuenak baino txikiagoak direla.

Areago, ikerketa ugarik diotenari kasu, OMEk marihuanaren arloan egindako lehenengo ikerketa sakonak, zeinaren emaitzak 2019 hasieran argitaratu zituen, adierazten du kalamuaren propietate batzuek minaren tratamendurako eta bestelako afekzio medikoetarako ahalmen terapeutikoa dutela, epilepsia, minbizia edo esklerosi anizkoitza dutenen kasuan, adibidez.

Zigortzetik merkaturatzera

Ikusteko dago NBEren erreforma honek marihuanaren legeztapenetan eta, oro har, kontsumitzaileengan zein eragin praktiko izango dituen. «Cannabisak propietate medizinalak dituela gauza jakina da aspalditik, baina cannabisaren industria asko hazi da azken urteetan eta, nazioartean zabaltzeko aukera izateko, hau eman beharreko pauso bat zen. Uste dut multinazionalen interesak daudela honen atzean eta ez hainbeste kontsumitzaileen eskubideak», agertu du Ai Laket elkarteko Jokin Segoviak.

Bere iritziz, horrelako lege batekin «legalizazioa gertuago egon daiteke», baina legalizazio hori zein terminotan egingo litzatekeen jarri du zalantzan. Enpresa handiek «erraz» lor ditzaketen lizentziak «kaleko erabiltzaileen» eskura ez egotea ez deritzo positiboa denik. «Aurreko egoera baino okerragoa izango dena ekar dezake honek», ohartarazi du.

Herrialdez herrialde, kalamuari dagozkion legeak asko aldatzen dira; batzuetan heriotza zigorrarekin ordain daiteke kontsumoa eta beste batzuetan guztiz legezkoa da erabilera ludikoa. Hego Euskal Herrian, 24/2014 Foru Legea dago, Nafarroan kalamua kontsumitzen duten taldeak arautzen dituena, cannabis elkarteei buruz onartutako lehen araudia Estatu espainolean. EAEn 1/2016 Legea onartu zen, mendekotasunetarako eta droga-mendekotasunerako zerbitzu bateratuei buruzkoa. Hala ere, Euskal Herriko cannabis erabiltzaileen elkarteak «ezleku legal» batean daudela esan du Segoviak. Horregatik, orain bi urte, Eraikiz plataforma sortu zuten, babes legal edo araudi konkretu baten alde egiteko.

Egundaino ez da horrelakorik lortu, eta bitartean, elkarte hauetako kide asko epaiketetan daudela edo zigorrak jaso dituztela salatu du Ai Laket-eko kideak. «Lanketa hortik hasi beharko litzateke, eta gero ikusi legalizaziorako bidean zer pauso eman behar diren», adierazi du.