GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Euskadi Next-en ezin zaio parte hartzeari uko egin


Duela hamar egun, Gasteizko Parlamentuan, Pedro Mari Azpiazuk Euskadi Next-eko proiektuak «prozesu asanbleario baten bidez edo enkante publiko bidez» ezin direla erabaki esan zuen. Hori horrela balitz ere, horrelako plan estrategiko baten lanketa gutxi batzuen esku utzita ere, arduradun horiek beren lana zuzen edo gaizki egiteko aukera izango litzateke. Atzo arte, koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko Europar Batasunak martxan jarriko dituen eta estatuek kudeatuko dituzten funtsei buruz Lakuak aurkeztutako lana oso eskasa zen. Atzo aurkeztu zuenean, berriz, beste lanketa bat ikusten da.

EAJren eta PSEren Gobernuak zenbait kritika onartu dituela dirudi, eta ondo dago. Lehenik eta behin, herrialdeen arteko desoreka konpondu da. Jakina, PricewaterhouseCoopers-ek aholkatu zuena jarraituz, AHT funtsagarriak diren proiektuetatik atera da. PwC-ek iradoki zuenaren aurka, ordea, zerrendan etorkizun gutxi duten proiektuak sartu dira, adibidez mugikortasunaren eta energiaren alorretan. Marketinaz harago, Euskadi Next-en funtsak jaso ditzaketen enpresak eta entitateak begiratzen badira, euskal sare klientelarraren interesak erraz jarrai daitezke. Bi noranzkoko bide horretan, gobernuetan eta alderdietan ibilitako pertsona asko topatuko ditugu. Aholkulariak eta onuradunak dira, aldi berean, eta hori ez da batere etikoa.

Adiskideen parte hartze hori kenduta, Gobernuak ez du bestelako laguntzarik onartu. Parlamentura oposizioak eramandako 95 ekarpenetatik bakarra onartu zuen, PPren bat. Enpresa munduan dabilen edonork jakin badaki, ordea, parte hartzerik eta adostasunik gabe plan estrategikorik ezin dela aurrera atera. Are gutxiago herri edo lurralde bati buruz ari baldin bagara. Paradoxikoki, Lakuak funtsak erabakitzeko parte hartzea eskatzen dio… Madrili. Izan ere, Moncloak banatuko ditu funtsak. Legebiltzarraren mandatu bat beharrean, orain Lakuaren esperantzak PSOEren indarguneak, ahulguneak eta interesak dira. Arriskutsua.