JAN. 17 2021 IGOERA HISTORIKOA Nepaldarrek eraginkortasun itzela izan dute neguko K2 mendian Nahiz eta oxigeno artifiziala erabili eta multzo handian lanean jardun duten, hamar alpinista nepaldar neguan igo gabe zegoen azkenzortzimilakoa hilabete baino gutxiagoan eskalatzeko gai izan dira. Oro har, mendiaren baldintzak eta eguraldia lagun izan dituzte. Andoni ARABAOLAZA Nahiz eta erabili duten estiloak eztabaida zabala sortuko duen, ez dago zalantzarik atzo hamar alpinista nepaldarrek K2 edo Chogori mendian (8.611 m) lortu zutena historikoa dela. Everest mendiaren neguko lehenengo igoera egin zenetik lau hamarraldi igaro dira, eta, asko kostatu bada ere, urtaro horretan igo gabe geratzen zen azken zortzimilakoa “historiara” igaro da. Hamar alpinistaz osatutako talde batek izan du ohore hori, eta, aipatu bezala, kide guzti-guztiak nepaldarrak dira. Azken urteotan, batez ere xerpa etniako mendizaleak erakusten ari ziren mundu zabaleko beste kide batzuek bezala burua eta sasoi handia dutela goi mailako jarduerak (kasu honetan historikoa) egiteko. Urteen poderioz, mendian lan gogorra egiten aritzeaz gain, alpinismoko teknikak ikasi dituzte. Horrek asko lagundu die duela gutxira arte zuten pentsamoldea aldatzen, eta, zergatik ez, autonomo izaten. Eta horren isla da atzo munduko bigarren mendi garaienean lortu zutena. Xede honetan, gainera, lehiakortasuna alde batera utzi dute; nepaldarren artekoa behinik behin. Izan ere, hamar alpinista horiek hiru talde edo espediziotakoak ziren. Nirmal “Nims” Purja, Gelje Xerpa, Mingma David Xerpa, Mingma Tenzi Xerpa, Pem Chhiri Xerpa eta Dawa Temba Xerpa, adibidez, “Nims”-en taldeko ordezkariak dira. Mingma Gyalje Xerpa, Dawa Tenzin Xerpa eta Kili Pemba Xerpa, berriz, Mingma G-ren espediziokoak. Eta azkena, Sona Xerpa, Seven Summit Treks (SST) agentziaren alpinista bakarra izan da. Beraz, hiru talde horiek indarrak batu dituzte K2 mendian lana zein tontorreko behin betiko ekinaldia egiteko. Eta elkarlan horrek berebiziko emaitza eman du. Beste era batera esanda, arrakastaren giltzetako bat izan da. Eraginkortasuna ere giltza izan da. Nahiz eta hainbat eta hainbat unetan oxigeno artifiziala erabili duten, harrigarri gertatzen da hilabete baino gutxiagoan 8.611 metrora dagoen tontor hori zapaltzea. Eta, gainera, neguan! Talde ezberdin horietako langile eta alpinista gehienak abenduaren 21erako kanpaleku nagusian zeuden; hots, negua hasten den aurreneko egunerako. Bederatzi egunen buruan, abenduaren 30ean, Mingma Gyalje Xerpa, Nirmal Purja, Dawa Tenzin Xerpa, Kili Pemba Xerpa eta Mingma Tenzi Xerpa 7.000 metrora heldu ziren. Alpinista nepaldarrek inoizko kota goiztiarrena erdietsi zuten. Oxigeno artifiziala erabiltzeaz gain, protagonistok eguraldi aparta izan zuten. Urte berriarekin, aldiz, eguraldi gaiztoa iritsi zen K2 mendira. Ekaitz oso bortitzak jasan behar izan zituzten, eta, ia hamar egunez kanpaleku nagusitik irten gabe egon ziren. Barealdiarekin batera, talde ezberdinak berriro lanera itzuli ziren. Ezusteko handia jaso zuten; izan ere, denboraleak lehen kanpalekua eta bigarrena suntsitu zituen. Horren berri Nirmal Purjak berak eman zuen, eta, triskantza hori ikusi eta gero, espedizioa bertan behera uzteko zorian egon zen. Hori aski ez, eta neguko zortzimilakoetan eskarmentua duten hainbat mendizaleren kritikak (lezioak?) jaso zituen. Oso estrategia okerra erabili zuela aurpegiratzen zioten. Nepaldarrak, aldiz, ez zeuden etsitzeko prest. Arestian aipatu dugunez, indarrak batu, suntsitutako kanpalekuak berrantolatu eta soka finkatzen jarraitu zuten. Eta berriro ere emaitza bikaina erdietsi zuten; herenegun gai izan ziren laugarren kanpalekuraino igotzeko eta sokak finkatzeko. Era horretan, 2003. urteko neguan Denis Urubok lortutako kota berdindu zuten; hau da, 7.800 metro. Emaitza hori lortu eta gero, alpinistok hirugarren kanpalekura (7.350 m) jaitsi ziren atseden hartzera. Gailurrerako bidea “zabalik” zuten, eta atzo izan zuten D eguna. Protagonista hauek onartu dutenez, zorte handia izan zuten eguraldiari dagokionez. Behin betiko arrakastaren beste giltzetako bat izan da. Aurretik 1.300 metroko desnibela zuten, eta tarte tekniko eta arriskutsu bat: “Bottleneck” izenekoaren eta serac erraldoiaren artekoa. Lehen urratsak goizeko ordu batean (Pakistango ordua) egin zituzten, eta, handik bost ordura “Bottleneck” sekzioa gainditu zuten. Ilunabarrarekin batera, arratsaldeko bostetan, hamar alpinista nepaldarrak tontorrean ziren. Gailur historiko hori lortzeko hainbat giltza aipatu ditugu. Beste bat ere badago; hau ere ezinbestekoa, baina guztiz baieztatu gabe dago. Oxigeno artifizialaren erabilerari buruz ari gara. Nirmal Purjak eta, batez ere, Mingma Gyalje Xerpak iragarri zuten botilarik ez zutela eramango. Alabaina, itxura guztien arabera, den-denek oxigeno artifiziala erabili dute. Horrela ez balitz, alpinisten erritmoak oso bestelakoak izango ziratekeen. Baina, esan bezala, oraindik ez dute gai hori argitu. Alpinista nepaldar hauek, beraz, historia idatzi eta 33 urteko ekinaldiekin amaitu dute. Hiru hamarkada horietan zazpi espediziok jardun dute, eta, lehen esan bezala, kota garaiena (7.800 m) 2003. urtean Urubkok sinatu zuen. Nahiz eta historia egin duten, elkarlanean jardun duten hiru espedizio horiek erabili duten estiloa hasi da kritikak jasotzen. Espero zen, bai, baina alpinista batzuek ez dute segundo bat bera ere galdu eztabaida pizteko. Horien artean dira Urubko bera, Adam Bielecki eta Stefi Troguet. Azken honek, adibidez, honakoa adierazi du: «K2 mendia neguan estilo onarekin eskalatu behar da; hori merezi du». Mingoteren istripua Hamar alpinista nepaldar hauek neguko zortzimilakoen historian sartu dira. Arrakasta lortu dute baina, zoritxarrez, mendiak beste aurpegi bat erakutsi du. Sergi Mingote atzo bertan zendu zen. K2 menditik jasotako informazioen arabera, alpinista katalana irrist egin ondoren hil zen. Ezbeharra lehen kanpalekua (6.050 m) eta kanpaleku nagusi aurreratuaren (5.300 m) artean gertatu zen. Antza denez, 700 metroko aldats batetik amildu zen. Gogoratu behar dugu, Mingote SST agentziak “fitxatu” zuela. Espedizio erraldoi horren (60 kide ditu) buruetariko bat zen. Tontorra erdietsi duten nepaldarrek ez bezala, katalanak oxigeno artifizialari uko egin zion. Juan Pablo Mohr txiletarrarekin batera, herenegun “Japoniarren kanpalekua” izena hartu duen hirugarren kanpalekura (6.950 m) igo zen. Gaua bertan egin eta gero, girora egokitzeko fasea amaitu eta kanpaleku nagusira jaistea erabaki zuten, eta, aipatu bezala, atzo hil zen istripu baten ondorioz. Berriemaileek esan dutenaren arabera, txiletarrak 40 minutu behar izan zituen Mingoteren gorpua zegoen lekura ailegatzeko. Eta Mohrrek berak onartu du haustura ugari zituela. Istripua arratsaldeko lauretan gertatu zen. Egoeraren berri eman eta gero, Alex Gavan, Tamara Lunger, Magdalena Gorzkowska eta Oswaldo Oliveira kanpaleku nagusi aurreratutik katalana zegoen lekuraino igo ziren. Ordurako hilik zegoen. Mingoteri txanponaren beste aldea egokitu zaio, tamalez. PROTAGONISTAK Honako hamar alpinistok iritsi ziren gailurrera: Nirmal Purja, Gelje Xerpa, Mingma David Xerpa, Mingma Tenzi Xerpa, Pem Chhiri Xerpa, Dawa Temba Xerpa, Mingma Gyalje Xerpa, Dawa Tenzin Xerpa, Kili Pemba Xerpa eta Sona Xerpa. ESTILOA Nahiz eta ez den erabat baieztatu protagonista guztiek oxigeno artifiziala erabili zutela, oro har, oso eraginkorrak izan dira; izan ere, hilabete baino gutxiagoan biribildu dute xedea. IGOERA HISTORIKOA Hamar alpinista nepaldarrez osatutako taldea atzo iritsi zen K2 edo Chogori mendiaren tontorrera (8.611 m). Zortzimilakoaren neguko lehen eskalada izan da.