GARA Euskal Herriko egunkaria

Getariako Txakolina, «aparteko» uzta, baina kanpoko salmentekin kezkatuta


Getariako Txakolina Jatorri Deituraren uzta berria aurkeztu zuten, atzo, Cristobal Balenciaga museoan. Pandemiagatik edukiera mugatua izan zuen aurkezpen ekitaldian, Arantxa Tapia Lakuako Gobernuko Ekonomiaren Garapenerako, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak hartu zuen parte, baita Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ere, aurten Osakidetza «Mahasti Jaun» izendatu baitute, pandemiaren aurkako borrokan egindako lanagatik eta mahats-bilketa «zailean» emandako laguntzagatik.

Kalitate eta kantitate aldetik «aparteko» uzta gisa aurkeztuta, 2019ko datuekin alderatuta ekoizpena %30 handitu dela zehaztu dute. Ardo berriei buruz, uzta «bikaina» izan dela nabarmendu dute, «biribila» eta «oso orekatua, 11,5 eta 12 gradu artekoa».

Emandako datuen arabera, azken kanpainan 4.353.000 kilo mahats bildu dira, eta guztira 3.900.000 botila ardo dastatu ahal izango dira.

Kezka nagusia, ordea, uzta berriari irteera ematea da, osasun egoeragatik esportazioak ere «nahiko geldirik» dauden une honetan. Iaz, ostalaritzaren itxierarekin, merkaturatzea «zaila» izan zela gogoratu dute, upategi batzuek ekoizpenaren %100 bide horretatik saltzen baitute, baina «arazorik handiena» 2021 honetan etorriko dela uste dute.

2019-2020 kanpainan 423.000 litro esportatu ziren, ekoizpenaren %15, «aurreko denboraldiko ia kopuru bera». Getariako txakolinaren esportazioak batez ere AEBetara doaz, kanporako salmenten %50 direnak. Atzetik, Estatu frantsesa eta Japonia daude, hurrenez hurren, eta eskandinaviar herrialdeetan igoera izaten ari dira.

Pandemiak jarduera kolpatu badu ere, Jatorri Deiturak nabarmendu du mahats-bilketan ez zela «kutsatze arazorik» egon eta gogorarazi du Lakuako Gobernuak musukoak eman eta upategi eta mahastizainek neurriak hartu zituztela, guraize indibidualak eta ur botilak bereizteko, besteak beste.