JAN. 21 2021 EDITORIALA Gertatutakoa argitu ezean, dimisioak hankamotz Basurtuko eta Santa Marinako ospitaleetako zuzendariek, Eduardo Maizek eta Jose Luis Sabasek, hurrenez hurren, koronabirusaren aurkako txertoa jaso zuten asteartean, lehentasunezko immunizazio taldeetakoak ez izan arren. Kargua utzi zuten atzo, Osakidetzak bultzatuta, antza. Erakunde publikoa izan zen, behintzat, dimisioen azalpena eman zuena: Txertoak banatzeko protokoloa urratu izana. Irregulartasunak salatu zituen ELA sindikatuaren arabera, posible da zuzendaritzako beste kide batzuek ere hartu izana txertoa; dimisioak, beraz, gehiago izan daitezke. Atzo emandako azalpenen arabera, txertoak sobera zeuden bi zentro horietan eta, alferrik ez galtzearren, bi zuzendariek jartzea erabaki zuten. Hori bada benetan egia, txertatze kanpainaren gaineko azalpenak urgenteak dira: Nola da posible txertoak «sobera» izatea txertatze erritmoa hain geldoa izanda? Bada halako izenik merezi duen immunizazio estrategiarik? Pandemia luze honetan sarri gertatu den bezala, txertatze prozesuan ere gardentasuna ez da erronkaren neurrikoa. Hala ere, aurrekariak ezagututa, ez da erraza atzo emandako sasiazalpenak besterik gabe onartzea. Txertoak benetan sobera bazeuden, zergatik ez zitzaien eman erizain, gaixo, zeladore edo garbitzaileei? Dimisioak behartzea egokia da, jakina, baina Lakuak pentsatzen duenaren kontra, horrek ez du azalpen zehatzak eman beharra desagerrarazten. Gertatutakoak errealitate latza azaleratzen baitu: EAJko bi goi-kargudunek beren boterea baliatu zuten txertoa inork baino lehenago jasotzeko pandemia baten erdian. Ideia ona iruditu zitzaien; areago, ideia normala. Atzo, eta ez lehen aldiz, Sagardui sailburuak ez zuen azalpenik eman nahi izan, baina gauzak argitu ezean, mesedeetan oinarritutako EAEko sare klientelistaren ondorioen aurrean gaudela pentsatu beharko dugu. Denon osasunaren kaltetan ari den sarea, hain zuzen, pandemiaren kontrako erantzuna behin eta berriro baldintzatu duena.