JAN. 29 2021 GUTUNAK Eusko Jaurlaritzaren lentea JUAN LUIS MUGERTZA UNANUE Ni ez naiz oso aritua argazkigintzan, baina, azken bolada honetan, Eusko Jaurlaritzakoek egindako argazki asko mugituta daude, ene ustez. Arituek esango zuten moduan, hots handia dute, hots, kalitate txikia. Halarik ere, ulertzekoa da. Egoera honek ez die bat ere laguntzen patxada ederrean argazkiak egiten, hauteskundeetan bezala barometroarena erabiltzen gaizki egindakoa itxuratzeko, ezta jendeari kudeaketaren gainean zer-nolako iritzia duten jakinarazteko ere, nahiz eta sekulako baliabideak dituzten argazki makinaren programa manipulatzeko, eta automatikoa zein manuala erabiltzeko. Izan ere, denbora luze daramate politikan klik-klik egiten, argazki onak erakusten, eta txarrak ezabatzen. Horretarako dituzte komunikabide gehienak prest enfokea hurbiltzeko, edota urruntzeko, eta gustukoak koloretan aukeratzeko. Santurtzin, Mamariga auzoan, musukorik gabe kale-zurrutean batutako 30 pertsona baino gehiagok emandako irudiek (bi ertzain zaurituta, eta bi atxilotuta) sekulako aukera eman die diafragma-irekidura erabiltzeko, eta inguruko guztia ezabatzeko. Bitartean, Donostian etxera zihoala, istiluen eremutik kanpo, Ertzaintzak Nahuel Gomezen gaztearen argazkiak masailezurra apurtuta erakusteko, interes handirik ez dute erakutsi. Dirudienez, erabilitako tarjetak megapixel gutxi izango zuen, edota bateria kargatu gabe, inor gutxik ikusi baitu. Urte asko daramatzate ofizioan, eta oso ondo dakite gustuko argazki-bilduma Photoshoparekin txukuntzen, eta, gainontzekoak, ezkutatzen. Gainera, zertarako aldatu lente-irekidura, eremu-sakonera, argazki guztiak eginak badaude, dena egina badago, eta orain arteko argazkiak, edozein direlarik ere, jende askok gogoko baditu.