GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
HAIZEA MARTIARTU
SAXOFOI-JOTZAILEA

«‘Folketik Jazz Ensemblera’ diskoa nire herriminaren fruitua da»

Haizea Martiarturen musikarekiko harremana txikitan hasi zen, Markinako soinu bandan. 18 urterekin Bartzelonara joan zen eta han ekin zien jazz eta musika modernoko ikasketei. Joan den abenduan Martiartuk «Folketik Jazz Ensemblera», bere estreinako diskoa, plazaratu zuen, euskal kantugintzako hainbat klasiko jazzera moldatuta, hala nola «Txoria txori» eta «Santa Ageda».


Nola bururatu zitzaizun euskal kanta klasikoak jazz estiloan ematea?

Nire ikasketen amaieran jazz musika asko entzuten nuen, eta, jazzaren barruan, gustatzen zitzaidan nola fusionatzen zen jazza beste herrialde batzuetako musika tradizionalekin. Urte horietan Miguel Zenon saxofonistaren “Alma adentro: The Puerto Rican Songbook” diskoaz maitemindu nintzen. Disko horretan Zenonek Puerto Ricoko kanta herrikoi batzuk jazz estilora hurbiltzen ditu. Horretan eta antzeko beste proiektu batzuetan inspiratu nintzen nire gaztetako herri-musikaren bertsioak konposatzeko orduan.

Horretaz aparte, konturatu nintzen konposatzeko orduan gaztetan Markinako soinu bandan jotako musikak eragin handia zeukala. Azken finean, txikitan jotzen dituzun melodiak barruan geratzen dira.

«Folketik Jazz Ensemblera» lana zortzi kantak osatzen dute. Nola hautatu zenituen?

Erabaki pertsonala izan zen. Alde batetik, hasi nintzen pentsatzen zein kanta gogoratzen nituen nire gaztarotik, eta bestalde, musikalki ere bilatu nuen, nire moldaketetarako eta nire konposatzeko erarako ere erraztasuna izateko. Azkenean, uste dut hautatutakoak egokiak direla; hain zuzen ere, arinago inspiratu nintzelako kanta horiekin.

Adituak ez garenontzat, zein moldaketa egin behar izan dituzu jazzera egokitzeko prozesuan?

Oso ariketa eta erronka interesgarria izan zen. Guk entzuten ditugun kantek melodia bat daukate gainetik, baina gero azpitik akordeak, erritmoa eta akonpainamendua ere badaude, geruza desberdinetan. Prozesuan, kanta hauen melodia hartzen nuen eta azpiko elementuekin jokatzen nuen; hau da, harmonia aldatu, eta horrela beste zentzu bat hartzen zuen melodiak goiko geruza horretan. Nahiz eta dekonstrukzio handi bat egon azpitik, musika eta autoreekiko errespetua mantendu dut.

Kultura sektore osoari bezala, zuen diskoaren grabaketari ere eragin zion pandemiak. Zer gertatu zitzaizun?

Pandemia proiektu erdian agertu zen. 2020an mikromezenasgo-proiektua hasi nuen eta martxo erdialdean diskoa grabatzen hasteko asmoa neukan. Orduan, pandemia lehertu zenean, hainbat gauza atzeratu behar izan nituen eta planak aldatu. Hala ere, disko osoa ekainean grabatzea lortu nuen eta gero edizio eta masterizazio prozesu guztiak egin nituen, azkenik abenduan argitaratzeko.

Eta behin argitaratuta, zein harrera izan du «Folketik Jazz Ensemblera»-k Euskal Herrian?

Oso feedback positiboa jaso dut; zentzu horretan ezingo nuke gehiago eskatu. Askotan esan didate hasieran zaila izan dela melodiak igartzea baina ezagutu dituztenean gustura entzun eta ondo pasatu dutela soinuak aztertzen. Nire ustez, hori da garrantzitsuena, jendeari gustatzea.

Nahiz eta Bartzelonan bizi, Euskal Herria gogoratu nahi izan duzu disko honetan.

Bartzelonan bizitzea kontu estrategiko bat da, musikalki hemen aukera asko baitaude, baina ez dut inoiz galdu harremana Euskal Herriarekin. Esan daiteke disko hau nire herriminaren fruitua dela.

Hurrengo proiektuetan, beste estilo mota batzuekin ausartuko zara?

Nire aisialdian ez dut jazza soilik entzuten, denetarik baizik, zentzu oso zabal batean: soul-a, pop-a eta Estatu Batuetako influentziak dituen musika asko gustatzen zait. Horretaz aparte, kantautore latino batzuk miresten ditut. Beraz, ausartuko nintzateke, bai, baina seguruenik nire formakuntza eta jazzaren eragina dela-eta fusio ukitua izango lukeela ziur nago.

Dena den, egia da disko hau oso berria dela. Baina bestetik, burua ez da inoiz gelditzen eta hurrengo diskoari begira nago jada.

Jazzean hasi, «kontziente izan gabe»

Haizea Martiartuk oso gaztetatik du jazzarekiko zaletasuna, saxofoia jotzeari ekin zionetik. «Kontziente izan gabe», musika amerikarrak gero eta eragin handiagoa zeukan Martiarturen estiloan. «Nire garaian Disney eta AEBetako beste produktu batzuk asko kontsumitzen genituen, eta mundu horretan jazzaren eragina oso handia da. Konturatu gabe ekarpen horiek guztiak jaso nituen gaztetan eta hortik aurrera estilo honetan murgiltzen hasi nintzen».

Urte batzuk geroago, Martiartuk “Folketik Jazz Ensemblera” diskoa argitaratu du, euskal kantugintzako zortzi kantu klasikoz osatuta. Spotifyn eta Haizea Martiarturen YouTubeko kanalean entzun daitezke kanta guztiak, baita diskoa fisikoki erosi ere, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen, Elkar-en eta denda nagusien webguneetan.

Gainera, Haizea Martiartuk “Folketik Jazz Ensemblera” diskoa aurkeztuko du Euskal Herrian martxoaren 10ean, 19.00etan, Bilboko Arriaga antzokian, Loraldia jaialdiaren baitan.M. PENA