GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Borra Hegalari Ezezaguna


Informazio-gizartean zenbat eta gehiago ibili, orduan eta ezjakinago sentitzen dut burua. Eta burua ados nirekin, horretan behintzat. Aspalditik nabil goi-politikaren orubean bolo-bolo erabiltzen diren hitzen adierak harrapatu nahian, zerbait adierazten ote duten ala ohiko hizkeraren komodin hutsalak ote diren. «Gobernantza», kasuko. Zeren antza? Beti entzun dut orube horretan hiru botere direla, legegilea, lege-betearazlea eta judiziala. Ahaztu dezadan azkena, berriro epaitua ez izateko.

Tira, harira! Legegilea, ustez, Parlamentua da, gehiengo aritmetikoaren poderioz Exekutibotik bereizten ez dena; baina ahaztu hori ere. Legegilea parlamentua bada Betearazlea “lamentua” da. Holaxe atera dut nik behintzat Lakuatik datozen azkenekoak entzunda. Hara, orain ez asko Ajuria Eneko maizterra triste agertu zen, alderdikide batzuek txertoari erakutsia zioten larregizko arretagatik. Orain gutxi barkamena eskatu behar izan du, Arkauten ikasitako-edo batek sindikalista bati luzatutako zorigaiztoko borra-kolpeagatik. Eta oraintsu Gobernantza Publikoko sailburuak deitoratu du Konstituzionalak enegarrenez hemengo eskumenak mugatu izana… Ez esan “lamentua” ez denik! Agintari asintomatikoak ez direnik! Egia esan, ni neu ere ez naiz guztiz seguru ideia honetan, baina “garapen kontzeptualean” daukat, hori bai.

“Izan zaitez ertzain! Zure etorkizuna da”. Begiratua eman diot deialdiari, ez izena emateko izan naizelako, bai zera! Izena eta izana! Ez, argazkiak gura izan ditut ikusi, eta hara! Bakar batean ere ez da brigada mugikorra lanean! Gobernuz kanpoko erakunde baten argazkiak ematen zuten, gobernuz barrukoa izanda ere. Inontxo ere ez BHErik (Borra Hegalari Ezezaguna)! Gardentasun gutxi, horretan ere. Eta urtebete joanda ere Zaldibar buruan iltzatuta. Urtebete, zenbat minutu senide eta lagunentzat… Argitu! Garbitu!